Koronabirusa
Ez da Eskola Kiroleko lehiaketarik egongo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan urtarrilaren 28a arte
eitb media
Goizean egindako bileran Eskola Kirolaren lehiaketarik ez egotea erabaki dute aldundiek, eskumena duten erakundeek.
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru aldundiek eskola kiroleko lehiaketak bertan behera uztea erabaki dute datorren astelehenetik (urtarrilak 10) urtarrilaren 28ra arte. Epe horretan entrenamenduak bakarrik mantentzea erabaki dute, Euskadin pandemia izaten ari den bilakaera dela eta.
Hala jakinarazi dute hiru foru erakundeek ostiral honetan Eusko Jaurlaritzako kideekin izandako bileraren ostean.
Eskola kirolaren arloko eskumen esklusiboa duten hiru erakundeek lehiaketak geldiaraztea erabaki dute, Osasun Sailak ildo horretan emandako gomendioa kontuan hartuta.
Arlo horretako gainerako jarduerak (irakaskuntza- eta jolas-jarduerak) ohi bezala egingo dira.
Joan den asteazkenean, Hezkuntza Sailak covid-19ari aurre egiteko protokoloa eguneratu zuen, eta Gabonetako oporren ostean ikasgeletara itzultzeko neurriak gogortu zituen.
Besteak beste, eskola kirola bertan behera uztea eta entrenamenduak bakarrik mantentzea erabaki zuten, pandemiaren eragin handia dela eta.