Itxi

Migrazioa

'Aita Mari' ontziak medikuak behar ditu: "Jende asko prest azaldu arren, ez dute egunak eskatzeko aukerarik"

E. L. | EiTB Media

Leer en Castellano

Datekin malgutasuna beharrezkoa dela ohartarazi du Izaskun Arriaran SMH gobernuz kanpoko erakundeko kideak, ontziaren misioetan "ez delako erraza aurrez dena lotzea". Lehen misiorako urtarrilaren 13an edo 14an denak ontziratuta egon beharko lirateke.

'Aita Mari' erreskate ontzia Mediterraneo itsasoan. Artxiboko argazkia: Alfonso Novo

Izaskun Arriaran SMH gobernuz kanpoko erakundearen osasun proiektuko koordinatzaileak eitb.eus-i azaldu dionez, mediku eskaera egin dute Aita Mari ontziaren zazpigarren misioa prestatzen ari direlako. "Garai zailak dira osasun langileentzako, jende asko prest azaldu arren, ez dute egunak eskatzeko aukerarik", onartu du.

Arriaranek zehaztu duenez, mediku ikasketak beharrezkoak dira ontziratzeko, baina ez da prestakuntza berezirik behar. Hori bai, datekin malgutasuna beharrezkoa dela ohartarazi du, ontziaren misioetan "ez delako erraza aurrez dena lotzea".

"Ez dakigu noiz izango den erreskatea, zenbat egun itxaron beharko dugun portua eman arte eta koarentena eskatuko diguten edo ez", gogorarazi du.

Arriararen hitzetan, lehen misiorako urtarrilaren 13an edo 14an denak ontziratuta egon beharko lirateke; izan ere, 18an ala 19an itsasoratzea nahi dute, eta aldez aurretik taldeko prestakuntza egitea "ezinbestekoa" da.

"24 ordu dira beraien arreta emateko prest"

Ontziratuko diren medikuen eginbeharrak zerrendatu ditu osasun proiektuko koordinatzaileak. Alde batetik, erreskatea egin arte trebatzea, erizaintza prest izan, baita materiala, medikazioa eta protokoloak ere.

Behin erreskatea eginda "tokatzen den dena artatzea". "24 ordu dira beraien arreta emateko prest", azpimarratu du.

"Normalean ez dugu gauza larririk izan, baina beti prest egon behar, batez ere erreskate momentuan", adierazi du Aramaioko (Araba) erizainak.

Misio guztian zehar, eskifaiako kide bat gehiago izango da medikua; beraz, ontziko lan ezberdinetan parte hartu beharko du, hala nola, garbiketa, sukaldean lagundu, "margotu behar bada margotu... denetik".

 

Albisteak (4)