Kargatzen...
Itxi

Eguraldia

Iruñean larrialdi plana aktibatu dute uholdeengatik

I. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Foru Erkidegoko gainerako eremuak Larrialdi Plan Bereziaren larrialdi aurreko mailan daude, euriteen intentsitatea dela eta. Arakil ibaiak gainezka egin du Uharte Arakilen.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Nafarroako Gobernuak Larrialdi Plan Bereziaren larrialdi aurreko abisua aktibatu du uholdeengatik, igandean izan diren euriteek datozen orduetan jarraipena izatea aurreikusi baitute.

Arratsalde hasieran, ur-emaria neurtzeko estazioetako bat ere ez da larrialdi aurreko fasean sartu, baina Nafarroa iparraldeko ibaien emariak nabarmen hazi dira eta Arakil ibaiak gainezka egin du Uharte Arakil parean.

Ondorioz, trafikoa eten behar izan dute NA-2410 errepidean 12,5 eta 13,5 kilometroen artean.

Iruñean ere, urak hartu ditu Arga pasealekua eta inguruko eremuak; Zakoako presako aparkalekua, Artadiburua zubia, Martiketeko biribilgunea, Olaz Txipi ingurabidea eta Dorraburuko zubia, besteak beste.

20:00ak baino lehentxeago, NA-30 errepidean, Landaben industrialdeko sarbidea itxi dute, errepidean ur-putzu handiak sortu direlako.

Hiriburuko Udaltzaingoak ohartarazi duenez, Uholdeetarako Larrialdi Plana 0 egoerara (larrialdi aurrekoa) igo da, eta, horren aurrean, ibilgailuak urez bete daitezkeen guneetatik eta garajeetatik kentzeko eskatu die bizilagunei.

Burlatako Udalak urak hartu ohi dituen inguruetatik ibilgailuak erretiratzeko gomendatu die bizilagunei, uholde arriskuagatik.

Nafarroan, Estatuko Metorologia Agentziak (Aemet) abisu horia ezarri du 12 orduan metro koadroko 60 litro ur pilatzea aurreikusi baitute.

Halaber, Lesaka eta Oiartzun arteko NA-4000 errepidea itxi dute 4. eta 5. kilometroen artean, galtzadan zuhaitzak erori direlako, eta kateak behar dira NA-137 errepidetik (Burgi-Izaba) zirkulatzeko 51. kilometrotik aurrera (Belaguako aterpetxea). Errepidea itxi dute 55. kilometrotik aurrera (El Ferial), haizeteak eta errepideetako izotza direla eta. NA-2410 errepidea ere itxi dute Uharte Arakilen.

Albisteak (2)

Bideoak (1)