Osakidetza
Osakidetza astelehen honetan hasi da 40 urteko pertsonei errefortzu dosirako hitzordua ematen
N. B. - E. G. | EITB Media
12 urtetik gorakoen % 46k hartu dute jada dosi osagarria, txertaketa buletinak zehaztu duenez.
Osakidetza astelehen honetan hasi da 40 urteko pertsonei errefortzu dosia hartzeko hitzordua ematen, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian iragarri duenez.
Eguerdian, txertaketa buletina kaleratu du Osasun Sailak. Txosten horren arabera, xede den herritarren (12 urtetik gorakoak) ia % 46k jasota dute dosi gehigarria. Horrez gain, 12 urtetik beherakoen % 44,1i eman diete dosi bat, eta % 5,5ek immunizazio osoa dute.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 1.840.090 pertsonak jaso dute covid-19aren kontrako dosi bat (% 93) eta 1.814.088k dute pauta osoa (% 91,8).
Txerto pediatrikoari dagokionez, jasotako 96.000 dosietatik % 66,7 (64.077) jarri ditu Osakidetzak, eta horietako 7.940 dosi bakarrak dira. Horrenbestez, 12 urtetik beherakoen % 44,1i eman diete dosi bat, eta % 5,5ek immunizazio osoa dute.
80-89 urtekoek dute babes handiena, horien % 97,3k dutelako pauta osoa. 70-79 urtekoak dira bigarrenak zerrendan, % 96,4k jaso baitute. Kontrara, txertaketa tasa txikiena 20-29 urtekoen artean dago, horien artean % 82,7k baitute pauta osoa, eta bigarren tasa txikiena 30-39 urtekoek dute, horien % 85ek jaso baitute.