Koronabirusa
Murrizketak urtarrilaren 31ra arte luzatzea eskatu du Nafarroako Gobernuak, neurri gehiago baztertu gabe
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Hauek dira gaur egun indarrean dauden murrizketak: 01:00a eta 06:00ak bitartean tabernak itxita egotea, ostalaritza establezimenduetan zutik kontsumitzeko debekua eta covid pasaportearen derrigorrezko erabilera.
Covid-19ari aurre egiteko indarrean dituzten murrizketei eustea eskatu dio Nafarroako Gobernuak astearte honetan erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiari. Neurri horien artean daude, besteak beste, 01:00a eta 06:00ak bitartean tabernak itxita egotea, ostalaritza establezimenduetan zutik kontsumitzeko debekua eta covid pasaportearen derrigorrezko erabilera.
Santos Indurain Osasun kontseilariak komunikabideen aurrean egindako agerraldian esan du beharrezkoa dela neurriak luzatzea "bizitzen ari garen egoera epidemiologikoa kontuan izanda". Horrekin lotuta, azpimarratu du ospitaleetako egoera okerrera egiten ari dela; dela lehen arretan, dela ohiko ospitaleratzeetan, dela ZIUetan.
Neurri berriak hartzeari buruz galdetuta, Indurainek aurreratu du Gobernuak egoera gertutik aztertuko duela, oraindik ikusteko baitaude Urte-zahar gaueko eta Errege eguneko ospakizunek ekarritako ondorioak. Halaber, gogora ekarri du iaz unibertsitateko itzulerak ere egoera larriagotu zuela.
Gauzak horrela, Justizia Auzitegi Nagusiari bidalitako eskaeran zehaztu dute "pandemiaren bilakaeraren arabera neurri gehiago hartzeko aukera" izan nahi dutela.
Duela hamabost egun hartutako neurriekin nahikoa izan ez dela onartu du Indurainek. "Orain arteko intzidentzia maila altuena dugu, bai Nafarroan, bai Estatu espainiarrean, bai Europan eta baita munduko gainerako tokietan ere", erantsi du.
"Geroz eta pertsona gehiago daude ospitaleetan. Beste agerraldi batzuetan baino kasu larri gutxiago dauden arren, hainbeste kutsatze egoteak areagotu egin ditu gaixo larrien kasuak, eta, horrenbestez, ospitaleratzeak. Litekeena da hildako kopuruak ere gora egitea", adierazi du.