KORONABIRUSA
Lau pertsona hil eta 31 ospitaleratze berri izan dira Nafarroan, horietatik hiru ZIUetan
Onintza Aiestaran | EITB Media
Guztira, 257 pertsona daude ospitaleratuta covid-19ak jota, horietatik 33 ZIUetan. Asteartean 2.999 positibo hauteman ziren; duela astebete, 3.616.
Lau pertsona hil ziren atzo covid-19aren eraginez Nafarroan, 2.999 kasu berri izan ziren egunean, Nafarroako Gobernuak asteazken honetan emandako datuen arabera.
6.885 proba eginda, 2.999 kasu hauteman ziren, eta, ondorioz, positibotasun-tasa % 43,6koa da. Iragan asteartean 3.616 kutsatze zenbatu ziren (positibotasun-tasa % 47,1ekoa).
31 pertsona berri ospitaleratu dituzte, horietatik hiru ZIUetan. Guztira, 257 gaixo daude koronabirusak jota ospitaleetan, 33 ZIUetan.
Kutsatu berri gehien izan dituzten udalerrien buruan Iruñea ageri da. II. Zabalgunean, esaterako, 89 zenbatu dituzte; Arrotxapean, 86; Donibanen, 80; eta Txantrean eta Arrosadian, 70. Ondoren, hauek dira positibo gehien zenbatu dituztenak: Tutera (152), Sarriguren (100), Burlata (95) eta Barañain (85).
Txertaketari dagokionez, atzo 7.219 dosi jarri zituzten. Guztira 1.267.279 pertsonak jaso dute dosiren bat, eta 541 019 herritarrek dute pauta osoa Nafarroan.