Itxi

Koronabirusa

Egungo murrizketak luzatzea babestu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

Administrazioarekiko auzien Salak auto batean argudiatu duenez, "neurriak beharrezkoak, proportzionalak eta egokiak dira egoera epidemiologikoa kontuan hartuta; izan ere, hobetu beharrean okerrera egin du".

Besteak beste, beharrezkoa izaten jarraitu beharko du covid ziurtagiria ostalaritzan. Argazkia: EFE

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak oniritzia eman dio Foru Gobernuak egindako eskaerari, eta horrenbestez, urtarrilaren 31ra arte egongo dira indarrean covid-19aren hedatzea geldiarazteko indarrean dauden neurriak, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaile eta presidenteorde lehenak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan jakinarazi duenez.

Hori horrela, murrizketok urtarrilaren 15etik 31ra luzatzeko foru araua indarrean sartuko da aldizkari ofizialean kaleratu eta berehala. Besteak beste, honako neurri hauek ezartzen ditu: lokal eta jarduera batzuen itxiera 01:00etatik 06:00etara; mahaietan eserita kontsumitu beharra, gehienez ere 10 laguneko taldeetan; eta covid ziurtagiria adinekoen egoitzetan, hoteletan eta gimnasioetan sartzeko derrigorrezkoa izatea.

Erabakia justifikatzeko autoan, Auzitegiaren Administrazioarekiko auzien Salak azaldu du foru arauean jasota dauden eta txosten teknikoekin argudiatu diren "neurriak beharrezkoak, proportzionalak eta egokiak" direla egoera epidemiologikoa kontuan hartuta. Epaileek gogorarazi dutenez, "hobetu beharrean okerrera egin du". 

Agerraldi berean, Santos Indurain Osasun kontseilariak murrizketok defendatu ditu, eta "birusari denbora irabazteko" helburua dutela azpimarratu du. Ohartarazi duenez, urtarrila eta otsaila hasiera "oso konplikatuak izango dira, kutsatzeetan dugun intzidentzia bereziki altu horrek ospitaleratze eta ZIUetan eragiten duelako zuzenean".

Indurainen ahotan, "kasu berrien nolabaiteko egonkortzea atzeman dugu, baina zuhurtziarekin diogu, datozen asteetako bilakaera zaindu beharko dugu".

Albisteak (2)