Itxi

Koronabirusa

Covid-19aren lantaldea osatzen duten ia 700 beharginei kontratua luzatuko die Nafarroako Gobernuak

Agentziak| EITB MEDIA

Leer en Castellano

Osasun langileak, batez ere erizainak, eta bestelako profesionalak dira eta denei urtarrilaren 31n bukatzen zitzaien kontratua. Bestalde, Indurainek jakinarazi du joan den astean Osasunbideko 450 profesional zeudela bajan koronabirusagatik.

Bi osasun langile Nafarroako ospitale batean. EITB Media

Nafarroako Gobernuak iragarri duenez, covid-19ari aurre egiteko eratu zen lantaldeari kontratua berrituko dio. Osasun Departamentuak aurreikusi du 700 kontratu inguru luzatzea arreta-maila, eremu geografiko eta estamentu profesional guztietan —erizainak dira nagusi—, urtarrilaren 31n amaitzen baitziren.

Hala iragarri du Santos Indurain Osasun kontseilariak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan. Azaldu duenez, kontratu gehienak uztaila amaiera arte luzatuko dituzte. 10 kontratu horietatik 6 "epe luzekoak" izan dira, hots, sei hilabetekoak. Beste batzuek iraupen malguagoa izango dute eta unean uneko beharrek eragindako aldaketei erantzuteko helburuarekin egingo dituzte.

Gaur-gaurkoz 695 profesionalek —osasun langileak eta bestelako beharginak— osatzen dute covid-19 kontingentea. Pandemiaren beharren arabera moldatzen joan den lantaldea izan da, eta uda ondotik izandako murrizketaren ostean, azken hiruhilekoan handitu egin da.

Indurainek jakinarazi duenez, bestalde, kutsatzeen gorakadak eragina izan du Osasunbideko profesionalen artean ere. Pasadan astean 459 langile zeuden bajan, covid-19ak jota. Profesionalen faltaren ondorioz, Arreko osasun zentroa itxi behar izan dutela aitortu du Indurainek. "Baja asko izan dira, eta ez zegoen beste irtenbiderik. Garraioaren kontua Udalarekin konpontzen saiatzen ari gara", azaldu du.

Albisteak (2)