Itxi

Koronabirusaren semaforoa

Azkoitia, Bergara, Ordizia, Urretxu eta Tolosa dira EAEn 9.000 kasuko intzidentzia gainditu duten udalerriak

L.Z. | EITB Media

Arabak eta Bizkaiak ez dute 9.000 kasuko intzidentziara heldu den udalerririk, nahiz eta Abadiño, Berango, Gernika-Lumo, Lekeitio, Markina-Xemein eta Sopela nahiko gertu dauden.

Grafikoa: EITB Media.

(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)

Intzidentzia metatuak goraka jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duten semaforoaren arabera. Zehatz esanda, 6.936 kasukoa da 100.000 biztanleko.

Gaur gaurkoz, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztiek eremu latzenean jarraitzen dute, alegia, eremu gorrian. 

Araban, intzidentzia 5.883 kasukoa da (5.298 kasu ziren astelehenean), eta 5.000tik gora biztanle dituzten herri denetan, 5.000 kasuren muga gainditu da, Gasteizen baita (6.069).

Bizkaian, asteleheneko 6.484 kasuetatik gaur 100.000 biztanleko 6.843 kasura igo da intzidentzia metatua. Bilbok 6.604 kasuko intzidentzia du. Gainera, Abadiñok, Berangok, Gernika-Lumok, Lekeitiok, Markina-Xemeinek eta Sopelak 8.000 kasutik gora dituzte.

Gipuzkoa da oraindik ere lurralde zigortuena. 7.357 kasukoa da gaur (astelehenean 7.175 kasukoa zen). Donostiak 100.000 biztanleko 6.585 kasuko intzidentzia metatua du (6.543 zen hilaren 6an). Bergaran (14.596 biztanle), 14 egunetan metatutako intzidentzia 9.856 kasukoa da (EAEko udalerrien artean intzidentziarik altuena duten udalerria da). Azkoitiak, Ordiziak, Tolosak eta Urretxuk ere 9.000 kasuko intzidentzia gainditu dute 14 egunetan

Covid-19aren semaforoa Europar Batasunak (EB) onartutako kolore-maparen egokitzapena da, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa jasotzen du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (1)