RADIO EUSKADI
Susana Martin: "Lehen Arretan egoera oso zaila den arren, argi izpi bat ikusten dugu"
EITB MEDIA
Egunero, batez beste, osasun-langileek 35 kontsulta eta ehunka telefono dei jasotzen dituztela aitortu du Susana Martin Osakidetzako Lehen Arretako arduradunak. Osasun-zentroak "gainezka" daudela aitortu arren, itxaropentsu agertu da.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Covid-19aren pandemiaren seigarren olatua geldiaraztea eta gainezka dagoen Lehen Arreta arintzea. Horiek dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak asteon martxan jarri duen protokolo berriaren helburu nagusiak, eta Susana Martin Osakidetzako Lehen Arretako arduradunak esan duenez, "egoera oraindik oso zaila bada ere, argi izpi bat" ikusten hasi dira.
Radio Euskadiko Boulevard saioan egin dioten elkarrizketan, Martinek esan du Lehen Arretako zerbitzua eskaintzen duten zentroetan "momentu oso konplikatuak" bizitzen ari direla, egunero, batez beste, "35 kontsultarekin". Halere, itxaropentsu agertu da eta egoera bere onera etortzen hasiko den zantzuak ikusten ditu. Horren hitzetan, pandemiaren azken adierazleen arabera, "badirudi, Lehen Arretako egunerokoa modu normalago batean egin ahal izaten hasiko garela".
Halere, aitortu du, kudeaketa mailan, zailtasun handiak sortu zaizkiela, eta horiek bideratzea dela erronketako bat. Besteak beste, web bidez iristen zaizkien "formulario edo eskariak" kudeatzeko eta azkar erantzuteko zailtasunak aipatu ditu. Telefono-deiak, aldiz, azken asteotan azkarrago erantzuten ari direla nabarmendu du.
Koronabirusean positibo eman duten pertsonen kontaktuak arakatzeari uzteak ondorio kaltegarriak izan ditzakeen galdetuta, Osakidetzako Lehen Arretako arduradunak adierazi du "herritar gehienek gaixotasuna sintoma arinekin" igaroko dutela eta horrek "lasaitasuna" ematen diela.
Osakidetzako langileen egoera ere izan du hizpide Martinek. Seigarren olatua gogor iritsi bada ere, osasun-langileek euren oporraldiak eta atseden egunak gozatu ahal izan dituztela esan du. "Langileen % 5-10 bajan egon arren, ez dugu inoren oporrik bertan behera utzi behar izan", esan du. Erretiroa hartutako langileak berriro lanera itzultzea, berriz, "ordezkatzaileen zerrendak agortuta" daudelako izan dela esan du. Atzera berriz lanera itzuli diren langile guztien lana eskertu du.