Txertaketa
Kutsatuta nago, errefortzu dosia bai ala ez?
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Osasun adituek txertoaren alde egin dute covid-19arekin kutsatuta dauden pertsonen kasuan ere. Txertatu aurretik, baina, gutxienez lau hilabete itxarotea aholkatzen dute.
Omikron aldaerak covid-19 kasuen gorakada nabarmena ekarri du azken asteotan, eta horrekin batera errefortzu dosiarekin lotutako zalantzak zabaldu dira herritarren artean. Halaber, txertatu direnetako askok ez dute argi zein diren txertoak berak eragindako sintomak eta zein covid-19ak eragindakoak.
Hauek dira azkenaldian denon ahotan dabiltzan galderetako batzuk:
Beharrezkoa al da errefortzu dosia kutsatuta daudenen kasuan?
Ez dago eragozpenik kutsatuta daudenek edo egon direnek errefortzu dosia jasotzeko. Are gehiago, adituek errefortzu dosi horren alde egin dute.
Estatu espainiarrean, 18 urtetik gorako pertsona guztiei dosi gehigarri bat jartzea erabaki zuen iragan ostegunean Osasun Publikoaren Batzordeak (Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek osatzen dute). Alegia, Pfizer, Moderna eta AstraZeneca jaso zutenei hirugarren dosia ematea adostu zuten, eta Janssen hartu zutenei bigarrena jartzea.
Oro har, dosi gehigarri hori bigarren dosia jaso eta bost hilabetera eman daiteke, nahiz eta badiren salbuespenak. Izan ere, AstraZeneca eta Janssen jaso zutenek, adibidez, hiru hilabeteko tartea itxaron behar dute injekzio batetik bestera.
Baina, zer gertatzen da errefortzu dosia jaso baino lehen positibo eman dutenekin? Eta txertoa jaso behar badute, noiz eta nola?
Duela gutxi kutsatuta egon direnei ere gomendatzen diete osasun adituek errefortzu dosia jartzea. Sintomak izateak ala asintomatiko izateak ez du dosi gehigarri hori baldintzatzen.
Zenbat denbora itxaron behar dut berriro txertoa hartu arte?
Kutsatzea baieztatzen denetik lau aste itxaron behar dira gutxienez errefortzu dosia jasotzeko. Hau da, kutsatuta egon den pertsona hori guztiz osatuta egon behar da. Horretarako, hiru egun igaro behar dira, gutxienez, sintomak desagertu zirenetik eta isolamendua bukatu zenetik.
Hamar egunetik zazpira jaitsi zuten berrogeialdia abenduaren 29an.
Behin koarentena eginda, eta sintomarik gabe hiru egun igaro badira, bukatutzat eman daiteke isolamendua, PCR probarik egin gabe.
Horrela, berrogeialdia amaituta eta hasierako pautatik bete beharreko epea beteta, pazientea prest egongo da errefortzu dosia hartzeko.
Nola jakin dezaket nire sintomak covid-19arenak edo txertoarenak diren?
Zalantzak argitzeko modurik eraginkorrena test bat egitea da. Halere, zenbait sintoma lotuago daude covid-19arekin; eztula eta mukiak, esaterako.
Hain zuzen ere, omikron aldaeraren sintoma ohikoenak eztula, mukiak, nekea eta eztarriko mina dira.
Txertoaren albo-ondorioak, aldiz, nekea eta ondoeza dira, baita hotzikarak, sukar baxua, buruko mina eta besoko mina ere.
Egia da, beraz, nahasmendua sor daitekeela sintoma batzuen eta besteen artean, baina sukar altua, mukiak, eztula eta usaimenaren eta dastamenaren galera koronabirusarekin lotuago daude. Horrenbestez, kasu horietan, komenigarria da proba diagnostiko bat egitea.