KORONABIRUSA
Zazpi egunez jarraian behera egin du intzidentziak EAEn, 5.933 kasura jaitsi arte
L.Z. | EITB Media
15.365 proba egin dituzte astelehenean, eta 5.502 positibo atzeman dituzte horien bidez. ZIUetan ospitaleratuta dauden gaixoen kopurua txikiagotu egin da: 131 gaixo daude. Gela arruntetan, berriz, 717 pertsona daude.
Astearte honetan, gobernu bileraren ondoren, agerraldia egin du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko egoera epidemiologikoaren berri emateko.
Bertan zehaztu du astelehenean egindako 15.365 probetan 5.502 positibo berri atzeman dituztela, baina bereziki intzidentzia tasak azken egunotan hartutako joera nabarmendu du prentsaurrekoan. Izan ere, urtarrilaren 11n goia jo ostean, zazpi egunez jarraian behera egin du intzidentziak EAEn. Hain zuzen ere, 100.000 biztanleko 5.933 kasukoa da orain. Astelehenean 6.235 kasukoa zen, eta hilaren 11n, 7.038koa.
Ospitaleetako egoeraz ere mintzatu da, zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratuta dauden gaixoen kopurua txikiagotu egin baita: 131 gaixo daude ZIUetan orain (iragan astean baino zortzi gutxiago). Gela arruntetan ere hobera egin du egoerak. Aurreko asteko astearteko datuekin alderatuta, 123 paziente gutxiago daude ospitaleetan (717 guztira).
Bestalde, oinarrizko erreprodukzio tasak, R0 indizeak (positibo batek kutsatzen dituen pertsona kopurua adierazten du), beherantz egiten jarraitzen du; 0,83an dago.