Itxi

KORONABIRUSA

276 pertsona daude ospitalean Nafarroan covid-19ak jota, horietatik 37 ZIUn

O.A. / L.Z. | EITB Media

Aurreko asteko datuekin alderatuta, % 20 egin dute behera kasu positiboek. Duela astebete ere, % 14 jaitsi zen positibo kopurua orain dela bi asteko datuen aldean.

Kutsatzeen beherakadak ez du oraingoz eraginik ospitaleetan. EITB Mediako bideo bateko irudia

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko eledunak adierazi du azken astean, urtarrilaren 10etik 26ra, argi geratu dela covid-19aren intzidentziak ez duela okerrera egin, "dena den, azkenaldian izan den positibo kopurua eta erietxeratutako gaixoen kopurua kontuan izanda, ospitaletan une latzak espero ditugu datozen egunetan ere".

Gobernu saioaren osteko agerraldian, Remirezek esan du, aurreko asteko datuekin alderatuta, % 20 egin dutela behera kasu positiboek. Duela astebete ere, % 14 jaitsi zen positibo kopurua, orain dela bi asteko datuen aldean. "Azken hiru egunetan, gainera, % 40 egin dute behera kasuek", zehaztu du. "Beherenzko joera hartu du, beraz, intzidentziaren kurbak", erantsi du.

Ospitaletako egoera hizpide, kontseilariak argi utzi du okerrera egiten ari dela, "atzoko eguna lasaia izan bazen ere". Guztira, 276 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 37 zainketa intentsiboetako unitateetan.

Kutsatze datuak hain onak ez badira ere, Remirezek nabarmendu du beste erkidego batzuekin alderatuta, heriotza gutxiago izan direla Nafarroan, eta ospitaletako presioak ere ez duela beste lurralde batzuekin zerikusirik, "nahiz eta ZIUetan egoera bestelakoa den".

Gaur-gaurkoz omikron aldaera da nagusi Nafarroan (kasuen % 97). Bukatzeko, argitu du 308 osasun langile daudela kutsatuta, "aurreko egunetan baino askoz gutxiago".

Gaurko eguneko datuak

Asteazken honetan emandako datuen arabera, 1.923 kasu zenbatu zituzten astearten Nafarroan, 4.659 proba eginda. Positibotasun tasa, hortaz, % 41,3koa da, Foru Gobernuaren arabera.

Astelehenean 2.251 kasu zenbatu zituzten eta positibotasuna % 44,5ekoa zen, igandean 1.385 (% 64,9ko positibotasuna), larunbatean 1.314 (% 63,2), ostiralean 1.854 (% 45,1), ostegunean 2.254 (% 43,8), asteazkenean 2.674 (% 45,2) eta asteartean 2.999 (% 43,6).

Atzokoan ez zen inor hil, covid-19aren ondorioz, eta 31 pertsona erietxeratu zituzten; ZIUn bat ere ez.

Txertaketa datuak hauek dira: asteartean 3.489 dosi eman zituzten. Orotara, 1.309.156 dosi jarri dituzte, eta 542.712 dira pauta osoa bete duten herritarrak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)