Cabacas auzia
Cabacasen gurasoek gogor egin dute Erkorekaren kontra eta auziaren txostenak eskatu dizkiote
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Manu Cabacasek eta Fina Lizeranzuk gutuna igorri diote Segurtasun sailburuari Ertzaintzak zabaldutako barne ikerketa artxibatu dutela eta. Euren "mina areagotzea" eta "enpatiarik ez" agertzea leporatu, eta aurrez aurreko bilera bat eskatu diote heriotzaren 10. urtemuga betetzear dagoen honetan.
"Harrituta", eta batez ere, "atsekabetuta". Hala sentitzen dira Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu, duela ia 10 urte Ertzaintzaren pilotakada batek hildako Iñigo Cabacas gaztearen gurasoak, eta euren samina eta haserrea helarazi diote Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari Berria egunkariak kaleratu duen gutun batean. Halaber, hiru eskaera egin dizkiote Jaurlaritzako lehendakariorde lehena ere badenari, tartean, auziaren dokumentazio guztia helaraztea.
Erkorekak iazko abenduaren 15ean Legebiltzarreko Batzordean iragarritakoa (Ertzaintzaren baitan zabaldutako barne ikerketa artxibatzearen erabakia) zein erakutsitako jarrera kritikatzen abiatu dute gutuna Cabacasen gurasoek. Diotenez, "zenbait aste" egin behar izan dituzte agerraldi hartan entzundakoek eragin zieten "kalte eta oinaze izugarria" mendean hartu ahal izateko.
Cabacasen gurasoek ez zuten espero Segurtasun Sailak barne ikerketa ixtea, uste baitzuten bide horretatik helduko zitzaizkiela zigorrak "irregulartasun, neurrigabekeria eta urraketa haiek egin zituztenei". Erabakia beraz gain, are mingarriagoa egin zitzaien Erkorekak egindako "errekonozimendu bakarra". Euren esanetan, sailburua ez zen "gai izan enpatia edo hurbiltasun mezurik helarazteko", eta kontrara, "lau aldiz" aipatu zuen auzian nahasitako ertzainek pairatutako "kalte pertsonal eta profesional ikaragarria".
Manu Cabacasek eta Fina Lizeranzuk estu hartu dute Josu Erkoreka sailburua, eta "kilkitzea" eta "erabaki koldarra" hartzea leporatu diote. "Maria Diaz de Haroko gau zorigaiztoko hartatik jasan dugun mina areagotu egin dute zure jarrerak eta zure adierazpenek; erantzule guztientzako inpunitate eta babes eskema bat diseinatu eta garatu izanak, eta hori eraginkortasun osoz bete izanak", erantsi dute.
Kritiken ostetik, hiru eskaera zehatz egin dizkiote Segurtasun sailburuari: lehena, euren esku jartzeko "2012ko apirilaren 5eko operatiboarekin lotutakoen inguruan duzun dokumentazio guztia, baita geroago egin diren ikerketen, erabakien, erregistroen eta abarren ingurukoa ere". Bigarrena, bilera presentzial bat, "gure aurrean adieraz dezazun, aurrez aurre eta begietara begira, horren inguruan egoki irizten diozuna", galdegin diote. Hirugarrenik, "gogoeta zintzoa" egiteko eskatu diote Erkorekari berari eta Jaurlaritzari, baita hainbat galdera bota ere: "Zer egin duzue zuek? Zuetako inork eskatu al du barkamenik edo esan al du sentitzen duela gertatutakoa? Aitortu al duzue egindako mina? Esan al duzue gertatu zena ez zegoela ondo edo ez zuela inoiz gertatu behar?".
Gutuna argitaratu ostean, Iñigo Cabacasen aita elkarrizketatu dute Euskadi Irratian. Oso haserre azaldu da Manu Cabacas, eta Erkorekaren eta Iñigo Urkulluren jarrera "lotsagarria eta oso mingarria" dela salatu du.