Itxi

DANBORRADA

Festa giro gutxi Donostiako kaleetan, San Sebastian bezperan

N. B. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Hala ere, egun handiak ospakizunak izango ditu, hala nola Haur Danborrada. Bestalde, jai bezpera honetan Realak Atletico Madrilen aurka jokatuko du Errege Kopako final-zortzirenetako partida Reale Arenan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Festa giro gutxi Donostiako kaleetan San Sebastian bezperan. Dendetan eta etxeetako balkoi batzuetan ipinitako banderek eta kolore zuri urdinek gogoratzen dute zer egun den. Hiritar gehienek etxean, afari goxo batekin ospatuko dute.

Gaztelubide elkartekoek ezin izango diote gaur Konstituzio plazan festari hasiera eman. Elkartean bazkide batzuek afalduko dute, baina presidenteak berak etxean egingo du, beraz, gogo gutxi. Elkarteetan, jatetxeetan bezala, edukierari buruzko araudia bete beharko dute.

Hau guztia, gauean Anoetan Kopako partida jokatuko dela. Eneko Goia alkateak ez du ulertzen "kontraesana".

San Sebastian egunaren bezperan, ez da ohiko danborradarik ospatuko koronabirusaren pandemia dela eta, baina beste ospakizun batzuk izango dira. Bestalde, jai bezpera honetan Realak Atletico Madrilen aurka jokatuko du Errege Kopako final-zortzirenetako partida Reale Arenan.

San Sebastian egun handiko ekitaldien artean, Udal Txistulari Bandaren kontzertua, Hiritar Merezimenduaren Dominak eta leihoak eta balkoiak hiriko banderarekin apaintzeko ekimena daude.

Gainera, 3.000 haurrek parte hartuko dute ostegun honetan, urtarrilak 20, 12:00etatik aurrera Haur Danborradan, ohiko parte-hartzearen % 63rekin.

Pandemiaren egungo araudiak eragotzi egiten du 800 pertsona baino gehiago biltzea kanpoko ekitaldi kulturaletan; beraz, haurrentzako bost danborrada antolatu dituzte beste hainbeste espaziotan, eta bakoitzak kilometro eta erdiko ibilbidea egingo du, ohiko martxen doinupean.

Loiolako Erriberetan 600 haur egongo dira, Bidebietan 425, Grosen eta Ulian 550, Antiguan 600 eta erdialdean 790.

Dominak

Urtero San Sebastian Eguneko jaia iristen denean, Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren Domina ematen dizkie hiriari izaera bereziko zerbitzua eskaini dioten pertsonei edo entitateei.

Aurten Añorga KKE, Bidegin, Jose Maria Leclercq, Kresala Zinekluba eta Zurriola Antzerki Eskolak lortu dituzte dominak.

Bestalde, Esther Ferrer artistak ezin izan du Donostiara joan 2022ko Urrezko Danborra jasotzera medikuaren aholkuagatik, eta Eneko Goia alkatearen eskutik jaso du saria igande honetan Parisen, bere etxean.

Urrezko Danborra pertsona fisikoei edo juridikoei ematen zaie, haien eguneroko lana, ibilbide eta ospe profesionala, edo beste alderdiren bat saritzeko, aktiboki eta nabarmen lagundu dutelako hiriaren kanpo-irudi positibo eta erakargarri bat finkatzen.

EITBren programazioa

Gaur guean, ETB1ek eta eitb.eus-ek "Danborrada Gaua Gogoratuz" saio berezia eskainiko dute 23:45ean hasita. Pandemiaren eraginez, San Sebastian Bezperako jairik ez dagoen honetan, donostiar, azpeitiar eta oro har Donostiako jaia maite duen euska jendarteari proposamen berezia eskaini nahi die ETBk, danborrada gogoratu eta etxean disfruta dezaten.

Hortaz, eta, hasteko, arratsaldean Victoria Eugenian izango den Merezimendu dominak eta Urrezko Danborra eskaintzeko ekitaldiaren laburpena eskainiko da, Imanol Artolak aurkeztuta. Bertan, haur danborradaren ekitaldiaren aurkezpen bideoa eskainiko da, eta Aitor Oyarzabal Union Artesanako danbor nagusiari elkarrizketa.

Ondoren, 00:00etan, Donostian jotako 2020ko danborradako pieza eta danborrada ezberdinetako ordezkarien adierazpenak biltzen dituen saioa emango da.

Eguraldia

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenez, asteazken honetan egun eguzkitsua izango da hegoaldean, eta hodei ugari izango dira iparraldean, eta tenperaturak ez du aldaketa handirik izango.

Ostegunean, ordea, euri txikia egingo du. Oso aktiboa ez den fronte baten ondorioz, zerua oso hodeitsu egongo da eta prezipitazio txiki batzuk egingo ditu. Prezipitazio horiek batez ere ipar partean eroriko dira, eta zenbat eta hegoalderago, orduan eta aukera gutxiago izango dira. Eguerditik aurrera ipar edo ipar-ekialdeko haizea nagusituko da eta intentsitatea irabaziko du. Tenperatura minimoak ez dira hain baxuak izango, baina giroa freskatu egingo da arratsaldetik aurrera.

Albisteak (4)

Bideoak (1)