Itxi

Koronabirusa

Gipuzkoako eta Arabako aldundiek eskola kirolean lehiaketak baimentzetzeko eskatu dute

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

Harkaitz Millan Gipuzkoako Kirol diputatuak bat egin du federazioen eskaerarekin eta asteon bertan partidekin hasteko galdegin du. Arabako Aldundiak urtarrilaren 28tik aurrera egitea eskatuko dio Jaurlaritzari.

Hainbat neska futbolean, Zarautzen. Argazkia: Lorentxo Portularrume

Eskola kirolan lehia baimentzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari Gipuzkoako eta Arabako aldundiek. Lehiaketa etenda dago urtarrilaren 8tik, covid-19aren kontrako Hezkuntzaren protokolo berria indarrean dagoenetik, alegia.

Gipuzkoako Aldundiak asteon bertan berreskuratzea nahi du, Arabako foru erakundeak, berriz, hilaren 28rako proposatu du (ordura arte dago bertan behera).

Ramiro Gonzalez buru duen erakundeko iturrien arabera, eskaera hori datorren asteko ostiralean egitekoa den bilera batean egingo diote Jaurlaritzari. Aurrez, Kulturako foru arduradunak kirol federazioekin eta guraso elkarteekin batzartuko dira iritzi bateratu bat adosteko.

Irmoago mintzatu da Harkaitz Millan Gipuzkoako Kirol diputatua. Horren ustez, asteon bertan abiatu beharko litzateke lehiaketa, eta azaldu du "hiru aldiz" eskatu diola jada Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeari.

Politikari gipuzkoarrak nabarmendu duenez, hiru aldundiak Jaurlaritzaren neurriaren kontra daude, eta hala jakinarazi zioten Osasun Sailari hilaren 7an egin zuten bileran. "Ez da egia neurria aho batez hartu genuenik", erantsi du.

Millanen hitzetan, eskola kirola "justifikaziorik ez duen egoera baten errudun" egin dute, eta "kalte larria" pairatzen ari da.

"Eskola kirolaren eta federatutako fitxen arteko diskriminazioa sortu dute, eta horrek ondorio sozio-ekonomikoak ditu. Aldundia horren jakitun da", azaldu du.

Diputatuak bat egin du Gipuzkoako 17 kirol federaziok egindako eskaerarekin, eta gogora ekarri du eskumena aldundiena dela eta lehiaketa bertan behera uztearena "gomendioa" dela. Dena dela, halakoei men egitearen alde azaldu da: "Osasun agintariek emandako aholku bat niretzat bete beharrekoa da, baina horrek ez du esan nahi bat egiten dudanik.

Millanen aburuz, "ikuspuntu zientifikotik ez du zentzu handirik debekua eskola kirolean bakarrik ezartzea, eta federatuetan lehia baimentzea. Kirol batzuetan, adin berako umeak aritzen baitira bietan. Gainera, haurren danborra egin egingo dute, eta Anoetan gaur bertan partida dago. Erabakia ez doa ildo beretik".

Albisteak (2)