San Sebastian Eguna
Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren Dominak eman ditu
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Victoria Eugenia Antzokian egin dute dominak entregatzeko ekitaldian. Urrezko Danborra joan den igandean jaso zuen Esther Ferrer artistak Parisen eta gaurko sari-banaketan une horretako bideo bat emititu dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren Dominak emateko ekitaldia egin du arratsalde honetan Victoria Eugenia Antzokian.
2022ko Urrezko Danborra joan den igandean jaso zuen Esther Ferrer artistak, Parisen, eta gaurko sari-banaketan une horretako bideo bat emititu dute.
Ferrerrek ezin izan du Donostiara etorri, pandemia dela eta, medikuek hala aholkatu diotelako. Hala, igandean Eneko Goia alkatea eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria Pariseraino joan ziren, Ferrerri Urrezko Danborra eskura emateko.
Añorga Kirol eta Kultur Elkarteak, Bidegin elkarteak, Jose Maria Leclercq historiarlariak, Kresala Zineklubak eta Zurriola Antzerki Eskolak jaso dituzte Hiritar Merezimenduaren Dominak.
Ekitaldian, Eneko Goiak adierazi du "San Sebastian Eguna itzuliko" dela eta ostegun honetako haurren danborradak "itxaropenaren sinbolo" bilakatuko direla erantsi du; izan ere, "aurten, iaz baino pixka bat hobeto gaude, eta datorren urtean, aurten baino askoz hobeto egongo garela espero dugu".
"Horixe da donostiarrei helarazi nahi diegun mezua. San Sebastian Eguna berandu baino lehen itzuliko da, murrizketarik gabe, danborradek kaleak beteta eta jendea pozik eta festaz betiko moduan gozatzen", gaineratu du Goiak.