KORONABIRUSA
1.885 kasu berri eta hiru hildako zenbatu dituzte Nafarroan azken orduetan
L. Z. | EITB Media
Covid-19a duten 22 gaixo ospitaleratu zituzten atzo, bat ere ez ZIUetan, eta, ondorioz, guztira 270 pertsona daude ospitaleratuta, horietako 33 zainketa intentsiboetako unitateetan.
Atzo (asteazkena), 1.885 covid-19 kasu berri atzeman zituzten Nafarroan, Foru Gobernuaren azken datuen arabera. Datu horrek argi erakusten du beheranzko joerari eutsi diola seigarren olatu honek, asteartean baino 38 positibo gutxiago zenbatu baitituzte (1.923 izan ziren asteartean). Azken orduetan, baina, hiru heriotza zenbatu dituzte.
Guztira 4.485 proba egin zituzten, eta positibotasuna % 42koa izan zen. Abenduaren 29an jo zuen goia olatuak; egun hartan, 4.277 kutsatu egon ziren.
Duela astebete, ordea, egoera bestelakoa zen, 2.531ra jaitsi baitzen positiboen kopurua. Orain dela bi aste, berriz, 3.320 kutsatze egon ziren. Badirudi egunak aurrera joan ahala kutsatzeak moteltzen ari direla.
22 ospitaleratze izan ziren atzo Nafarroako ospitaleetan, bat ere ez ZIUetan. Guztira 270 gaixo daude ospitaleratuta; horietako 33, zainketa intentsiboetako unitateetan.
Txertaketari dagokionez, atzo 4.506 dosi eman zituzten Nafarroan, eta pauta osoan dutenak 542.895 dira jada.
Ospitaleetako egoera
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko eledunak atzo adierazi zuen azken astean, urtarrilaren 10etik 26ra, argi geratu dela covid-19aren intzidentziak ez duela okerrera egin: "Dena den, azkenaldian izan den positibo kopurua eta erietxeratutako gaixoen kopurua kontuan izanda, ospitaleetan une latzak espero ditugu datozen egunetan ere".
Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko agerraldian, Remirezek esan zuen % 20 egin duela behera positiboen kopuruak aurreko asteko datuekin alderatuta. Duela astebete ere, % 14 jaitsi zen positiboen kopurua, orain bi asteko datuekin alderatuta. "Azken hiru egunetan, gainera, % 40 egin dute behera kasuek", zehaztu zuen. "Beheranzko joera hartu du, beraz, intzidentziaren kurbak", erantsi zuen.
Ospitaleetako egoera hizpide, kontseilariak argi utzi zuen okerrera egiten ari dela, "atzoko eguna lasaia izan bazen ere". Guztira, 276 gaixo daude ospitaleratuta, eta horietako 37 daude zainketa intentsiboetako unitateetan.