Itxi

Tenperatura baxuak

Hotz polarrak Euskal Herria izoztuko du asteburu honetan

EITB MEDIA

EAEn abisu horia ezarriko dute ostiral gauetik larunbat goizera arte, barnealdean izotza egingo duelako, bereziki Araban. Larunbatetik igandera, goizaldean, neurria berriro ezarriko da. Nafarroan, asteburuan Pirinioetan izotza izateko arriskua izango dela ohartarazi dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du ostiral gauetik larunbat goizera arte, barnealdean izotza egingo duelako, bereziki Araban. Larunbatetik igandera, goizaldean, neurria berriro ezarriko da.

Ostiral iluntzean, 21:00etan, sartuko da indarrean abisua, eta larunbateko 10:00ak arte egongo da indarrean, Segurtasun Sailak azaldu duenez. Oro har, izotz txikia egingo du, baina zenbait tokitan, mendialdean eta Araban, besteak beste, handia egin lezake.

Abisua igandean berriz sartuko da indarrean, 00:00etatik 10:00etara arte. Larunbatean bezala, izotz txikia espero da barnealdean, tokian toki handiagoa, bereziki Araba osoan, eta izotz txikia botako du Gipuzkoako kostaldean.

Nafarroan, berriz, asteburuan Pirinioetan izotza izateko arriskua izango dela ohartarazi dute. Hain zuzen, iragarpenak aurreko asteburuan izandakoen parekoak dira.

Azken egunotan, Erreskate Teknikoko Taldeak bost erreskate egin behar izan ditu. Asteburuan, ostiralean, Arlasen erori zen pertsona bat artatu zuten; larunbatean, Hiru Erregeen Mahaian trabatuta geratu ziren bi pertsona; igandean, pertsona bati lagundu behar izan zioten Aralarko mendilerroan eta beste bati Larrako La Contiendan. Bestalde, astelehenean, beste bati lagundu behar izan zioten La Contiendan.

Heriotza bat ere izan da; izan ere, igandean Belaguan istripua izan zuen 45 urteko Aiegiko bizilaguna hil egin da. Izotz plaka batean irrist egin zuen erraketekin ibilaldia egiten ari zela, eta erorikoan hartutako kolpeen eta egindako zauri larrien ondorioz hil da asteazkenean, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean.

Astebururako eguraldiaren iragarpena

Euskalmetek eskainitako iragarpenaren arabera, larunbaterako giro eguzkitsua espero da, baina hotza. Zerua oskarbi edo ia oskarbi egongo da, soilik behe-hodeien tarte batzuekin, bereziki Kantauri isurialdearen mendebaldean eta egunaren lehen partean. Haizeak indarra galduko du eta ekialdekoa gailenduko da; ziertzoa Ebro ibarrean.

Tenperatura maximoak apur bat igoko diren arren, hotzak izango dira eta ez dute 10 ºCren muga gaindituko. Tenperatura minimoak, berriz, jaitsi egingo dira eta barnealdean izotza botako du, Araba eta Nafarroako zenbait lekutan.

Igandean, berriz, eguzkia izango da jaun eta jabe, baina hotz handia eta izotza egingo du leku gehienetan. Zerua oskarbi egongo da, egunaren hasieran barnealdean agertuko diren behe-hodei eta lainogune batzuk salbu. Haizea ahul ibiliko da, ekialdekoa nagusi.

Tenperatura minimoak oso baxuak izango dira: -3 ºC baino gutxiago neurtuko dira barnealdeko toki askotan, eta 0-3 ºCra jaitsiko dira kostaldean. Tenperatura maximoak, ordea, gradu pare igoko dira, baina hotz egiten jarraituko du.

 

Albisteak (1)

Bideoak (1)