ISTRIPUA
Gasteizen emakume bat hil ostean ihes egiten saiatu zen gidariak positibo eman du kanabisean
EITB Media
Ezbeharra oinezkoen pasabide batean gertatu zen, Salburuan. Udaltzaingoak zabalik ditu ikerketak, hainbat lekukok eta ustezko egileak deklarazioa hartuta, eta asteazken honetan eramango dute epailearen aurrera.
Joan den asteartean Gasteizen 84 urteko emakume bat harrapatu ostean atxilotu zuten 43 urteko gidariak cannabisean positibo eman du harrapaketaren ondoren egindako probetan.
Istripua 18:47an gertatu zen, Salburuan, emakumea oinezkoen pasabide bat gurutzatzen ari zela. Une horretan, Opel Vectra batek harrapatu zuen, eta gidariak ihes egiten saiatu zen, Gasteizko Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Hainbat lekukok emandako informazioari eta herritarren dei bati esker, Udaltzaingoak autoa aurkitu ahal izan zuen Ignacio Aldecoa ikastetxe zaharreko aparkalekuan, Salburua inguruan. Ibilgailuaren ondoan gidaria zegoen, eta atxilotu egin zuten, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa eta gertakarien lekutik alde egitea egotzita.
Probak atxilotuari egin zitzaizkion eta emaitza negatiboa izan zuten alkoholean eta positiboa THCn (cannabisa). Udaltzaingoak zabalik ditu ikerketak, hainbat lekukok eta ustezko egileak deklarazioa hartuta, eta asteazken honetan eramango dute epailearen aurrera.