Koronabirusa
LABI arratsaldean bilduko da, eta murrizketak luzatuko ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak pandemiaren aurkako neurri murriztaileei eusteko proposatuko du 16:30ean hasiko den bileran. Halaber, Jaurlaritzak baimena eskatuko dio EAEko Auzitegi Nagusiari covid ziurtagiriaren erabilera luzatzeko.
Iñigo Urkullu lehendakariak zuzentzen duen LABI instituzionala gaur arratsaldean bilduko da, 16:30ean, eta, ezustekorik ez bada, koronabirusaren hedapenari aurre egiteko neurri murriztaileak luzatzea erabakiko dute.
Datu epidemiologikoak kontuan hartuta, LABIren batzorde zientifikoa murrizketei eustearen alde agertu da, eta lehendakariak proposamen hori defendatuko du arratsaldeko batzarrean.
Bilakaera "ona" bada ere, Urkulluk atzo aitortu zuen egungo adierazleak "okerragoak" direla, abenduaren 28ko datuekin alderatuz gero.
Halaber, Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen eremu jakin batzuetara sartzeko covid ziurtagiria erakutsi behar izateko baldintza otsailaren 13ra arte luzatu nahi duela, eta horretarako baimena eskatuko diola Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari.
Gainera, neurri hori eremu gehiagotara zabaldu nahi dutela iragarri zuten, hala nola hoteletara, ostatuetara eta joko-aretoetara.
Covid pasaportearen indarraldia datorren astelehenean amaitzekoa zen.
Indarrean dauden neurriak
Abenduaren 29tik, jarduera guztiak (ostalaritza, merkataritza, kultura eta aisialdia) 01:00etarako amaitu behar dira.
Horrez gain, LABIk % 60ko edukiera muga ezarri zuen establezimendu guztietarako, eta tabernetan zutik kontsumitzea eta mahai bakoitzean 10 pertsona baino gehiago biltzea debekatu zuen.
Aipatu neurriak gaur gelditu behar ziren bertan behera.
Bestalde, bi astez etenda egon diren eskola-kiroleko lehiaketak berriro izango dira martxan asteburu honetan.