Koronabirusa
LABIk indarrean dauden murrizketak otsailaren 13ra arte luzatzea erabaki du
EITB MEDIA
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gogorarazi duenez, gaurko datu epidemiologikoek intzidentziaren beherakada baieztatu dute azken 14 egunetan; azken zazpi egunetako joerak, ordea, beherakada moteltzen ari dela islatzen du.
Iñigo Urkullu lehendakariak zuzentzen duen LABI instituzionala arratsaldean bildu da, eta koronabirusaren hedapenari aurre egiteko neurri murriztaileak otsailaren 13ra arte luzatzea erabaki du, EiTB Mediak jakin ahal izan duenez.
Dekretu berria arratsaldean bertan argitaratu eta indarrean izango da, horretarako baimenik eskatzea beharrezkoa ez delako.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gogorarazi duenez, gaurko datu epidemiologikoek intzidentziaren beherakada baieztatu dute azken 14 egunetan; azken zazpi egunetako joerak, ordea, beherakada moteltzen ari dela islatzen du.
Horregatik, datozen asteetan "zuhurtzia eta prebentzioa" mantentzea beharrezkoa dela uste du sailburuak, "ziurgabetasun aste" honen ondotik pandemiaren bilakaera zein den ikusi arte.
Kutsaduren joera beheranzkoa dela onartu du sailburuak, baina "abiadura askoz txikiagoan". Gainera, egun intzidentziak oso handia izaten jarraitzen du. "Egun guztietan 5.000 positibo berrien gainetik gaude", ohartarazi du.
Bestalde, gaurdaino aplikatutako prebentzio neurriak defendatu ditu Sagarduik, "eragina izan dutelako, pandemiaren joera aldaketan zein lehen txerto dosien kopurua gora egiteko orduan".
Covid ziurtagiria
Halaber, Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen eremu jakin batzuetara sartzeko covid ziurtagiria erakutsi behar izateko baldintza otsailaren 13ra arte luzatu nahi duela, eta horretarako baimena eskatu dio Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiari. Auzitegiak datorren asteartean aztertuko du eskakizuna, Fiskaltzaren txostena jaso ondoren.
Gainera, neurri hori eremu gehiagotara zabaldu nahi dutela iragarri zuten, hala nola hoteletara, ostatuetara eta joko-aretoetara.
Zentzu horretan, covid ziurtagiria "biztanlerian txertaketa bultzatzeko" neurri bezala ulertu dutela esan du Sagarduik, "talde immunitate handiagoa lortzeko eta, aldi berean, arrisku handiko tokietan transmisio arriskua murrizteko".
Osasun sailburuak errepikatu duenez, azken asteetako transmisio maila "oso handia" da, eta intzidentziaren beherakada "moteltzen hasi da" azken egunetan.
Bestalde, ospitaleratzeek eta ZIUetako paziente kopuruak "gorabeherak dituzte, baina maila oso altuetan dira, osasun sistema kontingentzia mailetara eramanez, eta horrek eragina du beste arreta zerbitzu batzuetan", onartu du.
Sagarduiren hitzetan, txertatu gabeko pertsonak "gehienbat" behar dute ospitaleratzea, % 70eko okupazioa gaindituz. "Horren aurrean zer prebentzio eman genezake? Txertaketa", nabarmendu du sailburuak.
Horregatik, toki zehatz batzuetan covid ziurtagiria eskatzea "txertaketa tasa hobetzen laguntzen ari da", azpimarratu duenez. Sagarduiren ahotan, "txertaketak hiru puntu gora egin ditu portzentajerik baxuena zuten taldeen artean pasaportea iragarri zenetik".
Bestalde, bi astez etenda egon diren eskola-kiroleko lehiaketak berriro izango dira martxan asteburu honetan.