koronabirusa
"Alerta seinaleak" datuetan: intzidentziaren jaitsiera moteldu egin da eta R0 indizea gora ari da
eitb media
Osasun sailburuak ohartarazi du pandemiaren datuetan "alerta seinaleak" daudela eta balitekeela "joera aldaketa" baten atarian egotea berriz.
Pandemiaren egoerak "alerta seinaleak" erakutsi ditu Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ostiral honetan publikatutako datuetan.
Azken balantzearen arabera, 14 eguneko intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du, baina 7 egunekoan moteltzen ari da.
Joera iraunkorra izan da aste honetan zehar, eta "zuhurtzia eta prebentzioa mantendu beharko ditugu datozen asteetan zehar", jakin arte pandemiaren portaera zein izango den ziurgabetasun aste honen ondoren. Sagarduiren esanetan, baliteke "joera aldaketa" baten atarian egotea Euskadi.
Hain zuzen ere, 14 eguneko Intzidentzia Tasa 3.399,72 kasukoa da, alegia, ostegunean baino 152 gutxiago. Bestalde, 7 eguneko Intzidentzia Tasa 1.588,66 kasutan dago; ostegunean baino 2,3 puntu gehiago.
Birsorkuntza Indizeari (R0) dagokionez, 0,97ra igo da. Hori "alerta seinalea" dela adierazi du Sagarduik. Izan ere, joera erakusten duen adierazleetako bat da, eta birusa duen pertsona batek bataz beste zenbat pertsona kutsatu ditzakeen adierazten du. Igandean 0,70 puntuan zegoen, eta astean zehar 1era hurbilduz joan da.
Euskadin 642 pertsona daude ospitaleratuta covidagatik, eta 99 ZIUetan.