Osakidetza
Protesta egin dute Gasteizko Santiago ospitaleko larrialdi zerbitzuen itxieraren aurka
agencias | eitb media
Larrialdiak Txagorritxun zentralizatzea "hiriko hegoaldean bizi direnentzat, gehienbat nagusientzat, pertsona zaurgarrientzat, kaltegarria" dela eta ez dutela onartuko adierazi dute.
Ehunka pertsonak, tartean osasun langileek, giza-katea egin dute gaur, 'Osasun publikoa aurrera' plataformak deituta, Gasteizko Santiago ospitaleko larrialdi zerbitzua itxi eta larrialdiak Txagorritxuko ospitalean zentralizatzearen aurka.
Ekitaldia 12:30ean hasi da Santiago ospitaleko ate nagusian, zentralizazioaren ondorioz "zerbitzu publikoak eta osasuna desegiten eta murrizten" ari direla kritikatzeko.
Aste honetan asko izan dira neurria kritikatu dutenak. Hala, PPk Santiago ospitaleko zerbitzuari eustea eskatu du, Gasteizko herritar batzuentzat eskubide murrizketa bat delako zerbitzua ixtea.
EH Bilduk, berriz, "atzera" egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari, "kalitatezko eta gertuko osasun arreta bermatu ahal izateko".
Maite Alonso 'Osasun publikoa aurrera' plataformako bozeramaileak protesta ekitaldian adierazi duenez, larrialdi zerbitzuen itxiera "kaltegarria" izango da "hiriko hegoaldean bizi direnentzat, gehienbat nagusientzat, pertsona zaurgarrientzat, eta ezin dugu egiten utzi".
Elkarretaratzearekin neurria gelditzeko eskaera egin nahi izan dute, "herritar guztiak baitaude aurka, atzo udaletxeko osoko bilkuran ikusi zen moduan". "Onartezina da itxiera, are gehiago pandemia egoeran, delitutik gertu legoke", gaineratu du.