euskadi irratia
Zubia: "Ospitaleak pixka bat arindu dira, baina normaltasuna urruti dago oraindik"
i.l.k. | eitb media
Donostiako Ospitaleko ZIUko buruak Euskadi Irratiko "Osasun Etxea" saioan adierazi duenez, "oraindik beste aste pare bat beharko ditugu egoera arintzeko".
Felix Zubia Donostiako Ospitaleko ZIUko buruak Euskadi Irratiko "Osasun Etxea" saioan adierazi duenez, koronabirusa hautemateko proben inguruan Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiaren ondorioz inzidentziaren neurketa zehatzik ez dagoenez, ospitaleetan bizi dutenak ematen die egoeraren argazkia osasun-langileei. "Irudipenez ari gara", azaldu du, "eta horrelako kudeaketa batean oso zaila da".
Horren hitzetan, Gabonetako eta urte hasierako positiboen goraldiaren ondoren, ospitaleetako presioa % 20-25 inguru arindu bada ere, oraindik erietxeen egoera "ez da ona". Azpimarratu du ospitaleak "pixka bat arindu" direla, baina normaltasuna "urruti" dagoela oraindik.
Kirofanoak irekitzeko aukera noiz izango duten ez dakitela ere esan du, eta aste hau "oso tristea" izan dela ZIUetan izan duten heriotza kopuruagatik. Haren ustez, "erraz bihurtzen ditugu heriotzak zenbaki eta estatistika".
Zubia zuhurtziaren alde agertu da, baina "zuhurtziak neurriak eta administrazioaren konpromisoa ere behar ditu".
Orain, intzidentzia "lautada antzeko batean" mantentzen da, Zubiaren aburuz, eta Nafarroako kasuen jaitsiera aipatu du adibide gisa. Edonola ere, "perspektiba hartuta, oraindik ez gaude ondo" eta "oraindik beste aste pare bat beharko ditugu egoera arintzeko".
Danimarkari begira
Danimarkan egunero biztanleriaren % 1 kutsatzen ari delarik, neurri murriztaileak ezabatzea erabaki dute. Txertaketa maila handia dute eta osasun sareek egoerari erantzuteko modua badutela iritzita hartu dute erabakia.
Zubiak albistearen interpretazioa eta horren inguruko hausnarketa egin ditu. Kopuruak kopuru, "pertsona bakoitza bizitza bat" dela gogorarazi du, eta biztanleriaren zalantzak talde zaurgarriak "arriskuan" jartzearen ildotik doazela gehienbat; uste baino heriotza gehiago gerta litezkeelako.
Edonola ere, Danimarkako osasun sisteman inbertsio handia dutela jarrita eta hango egoerari adi jarraituko duela adierazi du: "estrategia hau jarraituta % 1 kutsatzen bada egunero, azkar iritsiko dira % 50era eta jaitsierak ere hala jarraitu behar luke".