Murrizketak
EAEko Fiskaltzak ez du begi onez ikusi covid ziurtagiria hotel eta joko aretoetara zabaltzea
EITB MEDIA
Kontrara, Ministerio Publikoak onartu egin du ostalaritza establezimenduetan, osasun zentro eta ospitaleetan eta kiroldegi eta gimnasioetan covid ziurtagiria eskatzeko aukera otsailaren 13ra arte luzatzea.
Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera errefusatu du EAEko Fiskaltzak, ez baitu begi onez ikusi covid ziurtagiria hotel, ostatu turistiko eta joko aretoetara zabaltzea. Alabaina, Ministerio Publikoak onartu egin du ostalaritza establezimenduetan, osasun zentro eta ospitaleetan eta kiroldegi eta gimnasioetan covid ziurtagiria eskatzeko aukera otsailaren 13ra arte luzatzea.
Jaurlaritzak urtarrilaren 28an aurkeztu zuen proposamena Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian. Horren bidez, covid ziurtagiriaren erabilera bi astez luzatzea eskatu zuen, bai eta hoteletan, apartamentu turistikoetan eta joku aretoetan derrigortzea ere.
Astelehen honetan bidalitako idatzian, Fiskaltzak halamoduz onartu ditu Jaurlaritzaren arrazoibide juridikoak. Hau da, esan bezala, covid ziurtagiriaren erabilera luzatzea onartu du; ez, aldiz, beste sektore batzuetara zabaltzea. Ministerioaren arabera, "aurkeztutako dokumentazioan ez dute ziurtagiri horren beharra arrazoitzen duen inolako datu zehatzik eman".
Hartara, Fiskaltzak uste du oinarrizko eskubideei eragiten dien murrizketa orok "arrazoibide sendoak" behar dituela, alegia, gisa horretako neurriak ez direla "badaezpadakoak" izan behar.
Halaber, berretsi du Jaurlaritzak ez duela covid ziurtagiriak hoteletan, ostatu turistikoetan eta joko aretoetan birusaren hedapena geldiarazten duenik frogatu.
Asteartean aztertuko du eskaerak EAEko Auzitegi Nagusiak
Auzitegiak astearte honetan aztertuko du eskaera, Fiskaltzaren txostena jaso ondoren.
Lehendakariaren Dekretu berriak luzatu egiten du 2021eko abenduaren 14ko Dekretuaren indarraldia. Dekretu horrek ere ezartzen zuen ostalaritza establezimenduei, ekitaldiei, lekuei eta kultura eta kirol jarduerei covid pasaportea eskatzea. Xedapen horrek zabaldu egiten zuen, era berean, Osasun Sailburuaren 2021eko azaroaren 17ko Aginduak ezarritako gaueko aisialdiko eta jatetxeetako 50 mahaikide baino gehiagoren ziurtagiria.