Koronabirusaren semaforoa
Bermeo eta Astigarraga dira, hurrenez hurren, intzidentzia baxuena eta altuena duten EAEko udalerriak
L.Z. | EITB Media
3372 kasuko intzidentziarekin, Gipuzkoa da lurralde astinduena; Bizkaia, berriz, egoera onenean dagoena.
(OHARRA: Koronabirusaren semaforoa astean bitan eguneratuko da aurrerantzean, astelehen eta ostegunetan)
Intzidentzia metatuak hobera egin du egunotan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), nahiz eta oraindik ere datuak nahiko kaskarrak diren. Bermeo da intzidentzia maila baxuena duen udalerria. Kontrara, Astigarraga da egoera okerrenean dagoena, covid-19ak herriz herri izan duen eragina neurtzeko erabiltzen duten semaforoaren arabera.
Araban intzidentziak beheranzko joera hartu du. 3.181 kasuraino (3.816 kasukoa zen ostegunean) jaitsi da intzidentzia. Udalerri handi guztiak daude 4.000 kasuko intzidentzia metatuaren azpitik. Gasteizek 3.200 kasuko intzidentzia tasa du, eta 3.984koa zuen hilaren 27an.
Bizkaian, osteguneko 3.272 kasuetatik 2.915era jaitsi da 100.000 biztanleko intzidentzia metatua. Bilbon, 3.383 kasuko intzidentzia-tasa zegoen ostegunean, eta gaur, berriz, 2.729koa. Bermeo da, alde handiarekin egoera onenean dagoena: 1.833ko intzidentzia. Udalerri gehienak, baina, 3.000 kasuren bueltan daude.
Gipuzkoa da berriro ere lurralde zigortuena, Arabari aurrea hartuta. Azken datuekin alderatuta, jaitsiera izan du intzidentziak, 100.000 biztanleko 3.372 kasuko intzidentzia baitu gaur (3.773koa zuen ostegunean). Donostian ere, datuek hobera egin dute, eta 3.178 kasuko intzidentzia du (3.763 zen urtarrilaren 27an).
Esan bezala, Astigarragak du egoera beltzena. Kutsatzeen hedapena gelditu ezinik, 5.124ko intzidentzi izatera heldu da azken egunetan.
Covid-19aren semaforoa Europar Batasunak (EB) onartutako kolore-maparen egokitzapena da, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa jasotzen du.