Koronabirusa
Covid ziurtagiria indarrean dago oraindik 50 jankidetik gorako jatetxeetan eta gaueko aisialdian
EITB MEDIA
Hau da, abenduan Gotzone Sagardui Osasun sailburuak izenpetutako agindua ez dute oraingoz kendu. Hortaz, jatetxe handietan eta dantzalekuetan, adibidez, ziurtagiria erakutsi beharko da, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena gorabehera.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du covid ziurtagiri digitalaren indarraldia otsailaren 13ra arte luzatzeko eta eremu gehiagotara zabaltzeko Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera. Astearte honetan hartu du erabakia, Jaurlaritzak pasaportearen eraginkortasuna behar bezala arrazoitu ez duela argudiatuta.
Horrek, ordea, ez du esan nahi EAEn covid ziurtagiria ez dela inon beharko. Hau da, abenduan Gotzone Sagardui Osasun sailburuak izenpetutako agindua indarrean dago oraindik, eta, beraz, EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena gorabehera, 50 jankidetik gorako jatetxeetan eta gaueko aisialdian nahitaezkoa izango da covid ziurtagiria erakustea.
Aldiz, kontzertu aretoetan, kiroldegi eta gimnasioetan, kirol instalazio itxietan eta ospitaleetan ez da ziurtagiririk beharko, ezta hoteletan, ostatu turistikoetan eta joko-aretoetan ere, Auzitegi Nagusiak uko egin baitio establezimendu horietara zabaltzeko eskariari.
Eusko Jaurlaritzak zentzugabetzat jo du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia, alegia, "covid ziurtagiriaren erabilera zabaltzeari uko egitea, baina 50 mahaikidetik gorako jatetxeetan eta gaueko aisialdian onartzea".
Ohar batean azaldu duenez, erabakia onartzen badu ere, ez du inolaz ere horrekin bat egiten. Izan ere, ez du zentzuzkoa ikusten ostalaritzan, gimnasioetan, ospitaleetan, adinekoen egoitzetan eta kartzeletan ziurtagiriaren erabilera errefusatzea, Jaurlaritzak horren eraginkortasuna behar bezala frogatu ez izanagatik. Ondorioz, ziurtagiriaren erabilera hoteletara, ostatu turistikoetara eta joko aretoetara zabaltzea ere gaitzetsi du, Jaurlaritzaren eskaria atzera bota baitu.
Hector Sanchez Bizkaiko Ostalaritza Elkarteko gerenteak, aldiz, EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia "positiboa" dela uste du.
Azpimarratu duenez, neurri mota horiek pandemiaren bilakaeran "eraginik ote duten ala ez" esateko "froga argi nahikorik" ez dago.
Osasunak eta jarduera ekonomikoak "modurik onenean elkarbizitzeko" beharra defendatu du Sanchezek. Ostalaritza sektoreari "inposatutako" murrizketak, ordea, "ez doaz norabide horretan", deitoratu duenez.
Bizkaiko elkartearen gerenteak azaldu duenez, ebazpen judizialaz dakiena kontuan hartuta, auzitegiaren argudioekin "guztiz" ados daude. "Pandemia kontrolatzeko neurri eraginkorra denik ez dela frogatu aditzera eman du auzitegiak", nabarmendu du Sanchezek.
Zentzu horretan, azken hilabetean erkidego batzuetan "ez dute inolako mugarik ezarri, ez covid ziurtagiririk, ezta ordutegi murrizketarik ere, eta berdin-berdin daude", adierazi du. Ondorioz, birusaren intzidentziak gora egiten duenean, "guztiek gora egiten dute", eta behera egiten duenean, "guztiek behera egiten dute", gaineratu du.