Itxi

Bosgarren mendeurrena

Itsas jaialdi kultural batek 20 portutan omenduko du Elkano

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Pasaia, Bermeo eta Baiona dira datorren udan "festibal ibiltari" horrek harrapatuko dituen udalerrietako batzuk. Abesti bat ere egingo diote.

Elkanori omenaldia Getarian. Argazkia: Maria Agirre, Euskadi Irratia

Euskal portuetatik ibiliko den itsas jaialdi kultural bat ari da antolatzen Elkano Fundazioa uda honetarako. Portuz portu, Euskal Herriko kostaldeko 20 udalerritan omenduko dute Elkano, itsasontzian munduari buelta eman ziotenetik 500 urte beteko diren urtean.

Pasaia, Bermeo eta Baiona dira datorren udan "festibal ibiltari" horrek harrapatuko dituen udalerrietako batzuk, asteazken honetan aurkeztutako egitarauan jaso dutenez. Abesti bat ere egingo diote, eta hainbat argitalpen plazaratuko dituzte.

Kultura sailburu Bingen Zupiriak, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok eta Elkano Fundazioko Ion Irurzunek aurkeztu dituzte bosgarren mendeurreneko ekitaldiak, Donostiako San Telmo Museoan, Getariako alkate Haritz Alberdirekin batera. Udarako aurreikusitako hitzordu horiekin bukatuko dituzte oroitzapen ekitaldiak.

Azken txanpa honetako helburuetako bat da "Elkanoren irudia eta balentria oroitzen duten ondare elementuak berreskuratzea", bai eta Getariarekin --haren jaioterria-- lotura duten elementu guztiak ere, erantsi du Zupiriak. Halaber, aurki iritsiko diren eduki kultural berrien sorkuntza nabarmendu du, datozen belaunaldietan ondare bihurtu nahi dituztelako.

Hartara, Euskadiko Orkestrak hiru lan aurkeztuko ditu Juan Sebastian Elkanoren eta haren egitandia gogoan. 2019an eta 2020an ere beste bi lan argitaratu zituen. Gainera, hainbat argitalpen plazaratuko dituzte; Getariari buruzko "bidaia liburu bat" eta Ander Izagirre kazetariaren liburu bat, besteak beste.

Fundazioaren arduradunek iragarri dute euskaraz idatzitako beste liburu bat ere argitaratuko duela "lehen lerroan dagoen idazle euskaldun batek", itsasoz munduari emandako lehen bira ardatz. Irakurle gazteak "hausnarketa egitera" bultzatu nahi ditu horrek.

Amaitzeko, irailaren 6an lehorreratzea ospatuko dute Getarian