Radio Euskadi
Santos Indurain: "Sanferminetan txupinazoa egingo bada horretarako baldintzak daudelako izango da"
Mikel Dominguez | EITB Media
Nafarroako Osasun kontseilari Santos Indurainek gogorarazi du sanferminetako "eskaileraren hasieran" gaudela, bigarren maila igaro berritan, eta "behaztoparik ez egotea espero dugula". Otsailaren 14rako neurri murriztaileak eta covid ziurtagiria berraztertuko dituztela esan du Santos Indurainek.
Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan elkarrizketatuta, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek esan du "gogo handia" dutela sanferminak normaltasunez ospatzeko, uztailean, baina soilik horretarako "baldintzak" badaude egingo dute, hau da, "pandemiaren beste fase batean bagaude eta kontrolatuta badago".
Enrique Maya Iruñeko alkateak aurreko astean esan zuen jaiak egingo direla. Kontseilariak gogorarazi du sanferminetako "eskaileraren hasieran" gaudela, bigarren maila igaro berritan, eta "behaztoparik ez egotea espero dugula".
Egoera epidemiologikoaren eboluzioari dagokionez, kontseilariak ez du seigarren olatuaren "amaiera" aipatu nahi izan, baina esan du "fase desberdin baten hasieran, trantsiziokoan", gaudela, nahiz eta oraindik "ez dakigun" nolako birusa izango dugun etorkizunean.
Seigarren olatuan, "oso eragin garrantzitsua" izan du koronabirusak Nafarroako ospitaleetan eta Lehen Arretan, "lehen ezagutu ez genuen kutsatzeko ahalmenagatik", baina aurreko aldaerek baino larritasun txikiagorekin. "Beherako bidena doa seigarren olatua, kutsatze gutxiago ditugu eta albiste ona da", esan du. 226 pertsona daude Nafarroako ospitaleetan ingresatuta, plantan, eta 28 larri ZIUetan, aurreko asteetan baino gutxiago.
Santos Indurainek ez ditu "itxaropen faltsuak" transmititu nahi neurri murriztaileak lasaitzeari dagokionez. Otsailaren 14ra arte daude luzatuta. "Joera positiboa sendotzen ari da, eta egoera hobetzen doan heinean lasaitzen joango dira, lau astez behera egiten egon ostean", esan du kontseilariak.
Osasun arduradunarentzat, covid ziurtagiriak "barrualdean transmisioa gutxitzeko" eta gazteen artean "txertaketa handitzeko" balio du, eta "behin hori lortuta", azkenetan egon daiteke, 10 egun barru neurri murriztaileak berraztertzen direnean.
Musukoa kanpoaldean denbora guztian erabiltzeko derrigortasunak ere bere azken egunak izan ditzake. "Eboluzioa ona den heinean, kanpoaldean musukoaren amaiera gertu izan daiteke", esan du Santos Indurainek. Aldi berean, gogorarazi du barrualdeetan "denbora askorako" etorri dela musukoa.
Aurreikusi duenez, hilabete bukaeran "egoera desberdina izatea" espero du, eta derrigortasuna kendu ahalko da kanpoalderako, aurreko araura itzuliz.