Itxi

Koronabirusa

Covid ziurtagiria bertan behera geratu da Euskadin

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Egun, 50 bezero baino gehiago hartzeko tokia duten jatetxeetan eta gaueko aisialdian da derrigorrezkoa osasun ziurtagiria. Eusko Jaurlaritzak azaldu du Auzitegi Nagusiak aste honetan emandako ebazpena kontuan hartuta erabaki dutela neurria bertan behera uztea.

Covid ziurtagiria bertan behera geratu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Argazkia: EITB Media

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) Osasun sailburuaren agindu bat argitaratu du ostiral honetan. Agindu horrek indarrik gabe utzi du Euskadin gaueko aisialdirako eta 50 bezero baino gehiago hartzeko lekua duten jatetxeetarako covid ziurtagiriaren derrigortasuna ezartzen zuen azaroaren 17ko agindua.

Gaurtik aurrera ez dute covid ziurtagiria eskatuko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak atzo arratsaldean ezustean jakinarazi zuenez. Azken asteotan, 50 bezero baino gehiago hartzeko tokia duten jatetxeetan eta gaueko aisialdian eskatu dute.

Joan den asteartean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak covid ziurtagiriaren erabilera beste hamabost egunez (otsailaren 13ra arte) luzatzeko eta beste eremu batzuetara (hotel, ostatu eta apustu-etxeetara) zabaltzeko baimena ukatu zion Eusko Jaurlaritzari, neurri hori kutsatzeak ekiditeko eraginkorra dela frogatu ez duela argudiatuta.

Covid ziurtagiriaren derrigortasuna azaroaren 17an ezarri zuten lehen aldiz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hasieran, 50 bezero baino gehiago hartzeko tokia duten jatetxeetan eta gaueko aisialdian (pubetan eta diskoteketan) sartzeko izan zen derrigorrekoa, eta, ondoren, abenduaren 15ean, taberna guztietan, ospitaleetan, egoitzetan, kiroldegietan eta kultur ekitaldietan ezarri zuten.