KORONABIRUSA
738 positibo atzeman dituzte Nafarroan, milatik behera hirugarren egunez jarraian
EITB MEDIA
231 kasu Iruñean diagnostikatu dituzte, 22 Zizur Nagusian, 20na Berriozarren, Buztintxurin eta Arrotxapean eta 19 Lizarran. Gainera, bi pertsona hil ziren covid-19agatik eta bost lagun ospitaleratu zituzten.
Atzo, ostirala, 738 koronabirus kasu atzeman zituzten Nafarroan, Foru Gobernuak larunbat honetan emandako datuen arabera. Bezperan 854 izan ziren (hasieran 800 izan zirela jakinarazi zuten arren, gero, egunero bezala, autotestean positibo eman zutenak gehitu zituzten, kopurua handituz), eta aurreko egunean 927.
Kutsatze berriak nabarmen ari dira jaisten, eta atzokoarekin hiru egun dira jada, 1.000 kasu baino gutxiago atzeman direla. Duela astebete izan zirenen erdia eta duela hamabost egun izandakoen herena, hurrenez hurren.
231 kasu berri Iruñean atzeman ziren, 22 Zizur Nagusian, 20na Berriozarren, Buztintxurin eta Arrotxapean eta 19 Lizarran.
2.334 proba diagnostiko egin zituzten. Beraz, positibitatea % 31,6koa izan da.
Gainera, bi pertsona hil ziren covid-19agatik eta bost lagun ospitaleratu zituzten.
Ospitaleratzeen inguruko azken datuen arabera, ostiralean 203 pertsona zeuden ingresatuta, horietatik 28 zainketa intentsiboetan.