Itxi

Hezkuntza Legea

Hezkuntza akordio berrirako oinarriak "ekitatea eta bikaintasunerantz"

Mikel Dominguez | EITB Media

Eusko Legebiltzarreko batzordean aurkeztutako dokumentuak sektorearen ekarpenak jasotzen ditu, eta Hezkuntza Lege berrirako abiapuntua izango da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Hezkuntzaren eraldaketarako oinarriak dokumentutik abiatuta ekingo diote Eusko Legebiltzarrean EAEko Hezkuntza Lege berria egiteari. Hezkuntza komunitatearen aportazioak jasota, alderdien txanda izango da orain.

Dokumentuak Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren sorrera aipatzen du. Horren barruan sartuko dira legeak ezarritako printzipio eta helburuak betetzen dituzten ikastetxeak, legearen barruko konpromisoak eta betebeharrak beren gain hartzen dituztenak —tartean, segregazioaren kontrako borroka—, programa-kontratua sistemaren bitartez. Hori goitik beherako aldaketa izango da euskal hezkuntza sistemarentzat, Administrazioaren eta ikastetxeen arteko harremanari dagokionez. Harreman horretan toki nabarmena beteko dute ikastetxeetako zuzendariek.

Talde parlamentarioek bi aste inguruko epea dute ekarpenak egiteko, behin betiko testuak sartu ditzaten. Dokumentu hori Eusko Jaurlaritzari helaraziko diote, Hezkuntza Legea osatzeko kontuan izan dezan. Aurtengo bigarren seihilekoan onartuko luke Jaurlaritzak lege-proiektua, Exekutiboaren egutegiaren arabera. Oraingo araua 1993koa da.

Sistema eleaniztuna, euskara ardatz

Gaur egungo hizkuntza ereduak (A, B eta D) ez ditu aipatzen dokumentuak, ezta "murgiltzerako" jauzi bat". Ordea, sistema eleaniztun bat proposatzen du, euskara "ardatz" duena. Sistema horretan, esku hartuko dute euskaran zein gaztelanian egon daitezkeen "gabeziak" konpentsatzeko neurriak bultzatuko dituzte eskolek. Gainera, atzerriko hizkuntza bat eta ikasleen jatorrizkoa ere aintzat hartzen ditu dokumentuak.

Oinarri hauen helburua zera da: "herritarren gizarte-kohesioa eta komunikazio-gaitasuna bi hizkuntza ofizialetan" DBH bukatzean. Gainera, jauzi kualitatiboa emango da Lanbide Heziketan, euskararen presentziari dagokionez, eta ikasleen arteko harremanak euskaraz egin daitezen indartuko da.

Horretarako, Euskal Hezkuntza Zerbitzua osatuko duten ikastetxeek proiektu linguistiko bat osatuko dute, bakoitzaren inguruaren berezitasun soziolinguistikoak kontuan hartuko dituena. Dokumentuak jasotzen denez, eskola eleaniztuna ez da soilik "hizkuntza desberdinak irakasten dituena".

Eredu eleaniztun horretan "euskal kulturaz jabetzea" ere aipatzen du dokumentuak, baita "atzerriko ikasleen hizkuntzak eta kulturak ikastetxeetan agerian jartzea" ere.

Segregazioaren kontra

Ikastetxe berberetan ikasle "kalteberen" kontzentrazioa ekiditeko bidean, hezkuntza sistema berriak "barruti/eremu bakoitzean hezkuntza-proiektu integralak garatzea" proposatzen du.

Bide horretan, "eskola-mapa aztertzeko eta egokitzeko" beharra aipatzen du dokumentuak, "ekitateari eta errendimenduari erreparatuz", baita ikastetxeetako ikasleen arteko desorekak gainditzea" ere "hezkuntza-kalitatea bideratzeko".

Txostenaren arabera, "ikastetxeak eskubidez eta betebeharrez parekide" bilakatuko dira Administrazioaren eta gizartearen aurrean.

Dohaineko hezkuntza

Bikaintasuna zein ekitatea lortzeko helburuarekin, dokumentuaren arabera, Eusko jaurlaritzak "doakotasun erreala bermatuko du, eskolaratze-kuotak desagerraraziz". Horrek eskolako jarduera osagarriei eta zerbitzuei ere eragingo die: "irabazi-asmorik gabekoak direla bermatuz araubide organikoan ezarritako baldintzetan eta ikasleen parte-hartzea borondatezkoa dela bermatuz.

Derrigorrezko Hezkuntzaz gain, oinarrizko Lanbide Heziketa ere doakoa izango da. Administrazioak horretarako baliabideak ziurtatu beharko ditu.

Eskola inklusiboa

Gizarte-kohesioaren bidean, euskal eskola "inklusiboa" izango da, eta "planak, programak eta protokoloak" garatuko ditu ikasle migratzaileei arreta emateko, genero-indarkeria prebenitzeko, ikasle ijitoak eskolaratzeko, adimen-gaitasun handiko ikasleen jardunerako, ikasleen eskubideak eta betebeharrak zaintzeko, eskola-jazarpenaren eta Internet bidezkoaren jarduteko eta genero-jokabidea ez arautua duten ikasleei laguntzeko.

Dokumentuak garrantzia handiagoa ematen die ikastetxeetako zuzendaritzei, euren autonomia nabarmenduz eta udal administrazioekin lankidetza bultzatuz. Gainera, Euskararen Ikaskuntzarako Institutuaren eta Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroaren sorrera ere aurreikusten du.

Albisteak (1)

Bideoak (1)