Itxi

Koronabirusa

LABI teknikoa bihar bilduko da eta datuak "xehe" aztertu ostean neurriak proposatuko ditu

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

Jaurlaritzaren bozeramaileak argitu duenez, pandemiaren bilakerak "hoberantz egiten jarraitzen du" eta duela 15 egun baino egoera "argi eta positiboa" dauka Euskadik.

Zupiria, agerraldian. Argazkia: EITB Media

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ez du argitu noiz bilduko den LABIren Aholku Batzordea —ostegunean edo ostiralean izango da— baina zehaztu du LABIren batzorde zientifiko-teknikoa bihar "xehe" aztertuko dituela datu epidemiologikoak eta horren arabera neurriak proposatuko dizkiola LABI instituzionalari.

Gobernu bileraren osteko ohiko prentsaurrekoan egin du iragarpena Zupiriak. Azaldu duenez, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak egoeraren argazkia egin die batzarrean. Pandemiak "joera hobea" du adierazle nagusietan (kutsatze kopurua, positibotasun tasa, azken zazpi eta 14 eguneko intzidentzia, ospitaleratzeak eta baita ZIUetako okupazioa). Dena dela, ohartarazi du "erietxeratze kopurua altua" dela oraindik, baita "koronabirusaren ondorioz hildako pertsonen kopuru altua" ere.

"Osasun egoera duela 15 egunekoa baino argiagoa eta positiboagoa da, nolanahi ere", erantsi du Zupiriak. Hain justu, duela bi aste ebatzi zuen LABI instituzionalak neurriak luzatzea.

Hala, iragarri du lehendakariaren asmoa dela LABIa asteon deitzea eta gogora ekarri du igandean, otsailaren 13an, geratuko direla bertan behera koronabirusari aurre egiteko hartutako neurriak.

Maskararen erabilera

Aire librean musukoa derrigorrez ez erabiltzeko Lurralde arteko Osasun Batzordeak hartutako erabakiaz galdetuta, Zupiriak esan du ziurrena iazko udan izandako egoerara bueltatuko garela (nahitaezkoa izateari utzi zion orduko hartan ere).

"Kanpoaldean maskara janztea beharrezkoa ez dela esango duenik egongo da, baina Jaurlaritzak gogorarazten jarraituko du maskara erabiltzea gomendagarria dela distantzia ez dagoenean edo jende pilaketak daudenean", adierazi du.

EAEko ikastetxeetako patioetan musukoa janzten jarraitu beharko ote den itaunduta, Jaurlaritzako eledunak nabarmendu du Batzordeak ez zuela gai hori jorratu eta Espainiako Gobernuak dekretuan zelan jasotzen duen irakurri nahi dutela. Horren arabera, erabakia hartuko dute Hezkuntza eta Osasun sailek.

Albisteak (4)