Erasoa
Adingabe bat atxilotu dute Burlatako Ibaialde Institutuko zuzendaria jipoitzea egotzita
Agentziak | EiTB Media
Irakasleak begi aldeko hezurretan hausturak ditu ukabilkada baten ondorioz, eta ebakuntza egin beharko diote. Atxilotuari tratu txar delitua leporatu diezaiokete, bikotekide ohiari eraso baitzion zuzendaria tartean sartu zenean.
Foruzaingoak adin txikiko gizonezko bat atxilotu du, Marta Ripoll Burlatako Ibaialde Bigarren Hezkuntzako Institutuaren zuzendariari eraso egitea egotzita. Gaztea bikotekide ohiaren aurka egiten ari zen, irakaslea tartean sartu zenean.
Foruzaingoko iturriek baieztatu dutenez, azken egunetan adingabea identifikatu eta gertakariak ikertu ostean, atxiloketa aurrera eramatea erabaki dute. Irakaslea ospitalean izan da. Eskubiko begi aldean, hezurretan, hausturak ditu ukabilkada baten ondorioz.
Gertakariak iragan astean jazo ziren. IES Ibaialdeko zuzendaria eta beste lankide bat ikastetxearen kanpoaldean zeuden, gaztearen erasoaren lekuko izan zirenean. Ondoren erasoaren biktima bikotekide ohia izan zela jakin zuten.
Hasiera batean, bakarrik lesio delitua leporatzea espero zen, Burlatako Ibaialde Institutuko zuzendariari eragindako zauriengatik. Irakasleari ebakuntza egin beharko diote, eta salaketa aurkeztu du.
Gainera, atxilotuari tratu txar delitua leporatu diezaiokete, bikotekide ohiari eraso egiteagatik.
Nafarroako Institutu Zuzendarien Elkarteak erasoa gaitzetsi du astelehen honetan. "Marta gure Elkarteko Zuzendaritza kidea da eta guztien izenean, haren profesionaltasuna eta ausardia eskertu nahi ditugu. Haren jokabideak gizarte hobe bat lortzeko lanean laguntzen du, herritar arduratsuekin", adierazi du elkarteak.
Lehenbailehen sendatzea opa eta "babes osoa" eskaintzeaz gain, "egoera higuingarri horiek sekula ez errepikatzea" nahi du elkarteak, eta "indarkeria iraganeko kontua izatea behin betiko".