Itxi

Koronabirusa

Lehendakaria "itxaropentsu" agertu da neurri batzuk malgutzeko aukeraz

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Leer en Castellano

Urkulluk azpimarratu du irizpen zientifikoaren zain egon beharko direla dena delako erabakia hartzeko. Dena dela, onartu du "egoera epidemiologikoaren bilakaera positiboa" ari dela.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñigo Urkullu lehendakaria "itxaropentsu" agertu da koronabirusaren kontrako neurri batzuk malgutzeko aukeraz, izan ere, aitortu duenez, "egoera epidemiologikoaren bilakaera positiboa izaten ari da". "Itxaropen izpia dugu", erantsi du. 

Urkullu Jakan (Huesca) da gaur Pirinioen Lan Elkartearen bilera batean, eta batzarraren ostean, Euskadiko egoera epidemiologikoaren eta LABIren biharko bileraren inguruan (hari dagokio neurriak zehaztea) mintzatu da.

Lehendakariak azpimarratu du LABIren batzorde zientifiko-teknikoaren irizpenaren zain egon beharko direla dena delako erabakia hartzeko (goizean zen biltzekoa). Baina joerak positiboa izaten jarraitzen badu, "agian malgutu" egin ahalko dituztela neurri batzuk, "betiere osasun agintarien irizpideak jarraituz".

Osasun larrialdia ere bertan behera uzteko aukeraz, zuhurrago aritu da, ordea. "Ikusiko dugu", esan du.

Lehendakariak gogorarazi du pandemian gaudela oraindik, eta neurriez hitz egiteko, prebentzio neurrien betetzetik abiatu beharko genukeela. "Prebentzio neurriak denok beteko bagenitu, errazagoa izango litzakete neurriak hartzea", deitoratu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (4)

Bideoak (2)