Bilera 18:30ean
Indarrean dauden murrizketak era "funtsezkoan" arinduko ditu gaur LABIk
LUZIA ZUGADI | EITB MEDIA
Lehendakariak berak iragarriko ditu LABIren bileran hartutako erabakiak, 19:15 aldera. eitb.eus-ek zuzenean emango du agerraldia.
Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak, LABIk, astelehenetik aurrera covid-19ari aurre egiteko neurriak era "funtsezkoan" arintzea erabakiko du gaur.
Lehendakaria buru, Iñigo Urkullu bera izango da 18:30ean hasiko den bileraren ostean erabakien berri emango duena, 19:15 aldera. eitb.eus-ek zuzenean emango du agerraldia.
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako iturriek azaldu dute LABIk "modu funtsezkoan" arinduko dituela murrizketak. Luze jota, beraz, igandera arte egongo dira indarrean.
Bart batzorde teknikoak hartutako irizpena abiapuntu, LABI instituzionalak du azken hitza.
Jaurlaritzaren iritziz, egoera "argiagoa eta positiboagoa" da duela bi aste baino; hots, LABIren azken bilera egin zutenean baino.
Neurriak bi astez, alegia, otsailaren 13ra arte, luzatzea erabaki zuten orduan, seigarren olatua gelditze aldera.
Hauek dira, hain zuzen ere, gaur-gaurkoz indarrean dauden murrizketak: tabernak, dendak eta aisialdirako establezimenduak 01:00ean itxi behar dituzte, lokal horietan ezin da % 60ko edukiera gainditu, debekatuta daude 10 pertsonatik gorako taldeak, baita tabernetan zutik kontsumitzea ere.
Egoerak hobera egin du
Euskal Autonomia Erkidegoan hobetu egin da covid-19aren bilakaera, adierazle guztiek behera egin baitute egunotan.
Intzidentzia metatua 2.000 kasutik beherakoa da (1.916,97 kasukoa, zehazki). Lurraldez lurralde banatuta, Arabak 1.826,74 kasuko intzidentzia du, Bizkaiak 1.916,97koa eta Gipuzkoak 2.130,17koa.
Jolastokietan maskara ez da derrigorrezkoa izango
Bestalde, EAEko ikastetxeetako jolastokietan ez da musukorik erabili beharko. Ostegun honetan hartu dute, aho batez, erabakia Jokin Bildarratz eta Gotzone Sagardui Hezkuntza eta Osasun sailburuek. Gaur bertan, gainera, Espainiako Gobernuak bertan behera utzi du maskararen derrigortasuna kanpoaldean.