KORONABIRUSA
Ekitaldi handiak bertan behera uzteko eskatu du Jaurlaritzak 400 kasutik gorako intzidentzia duten herrietan
EITB MEDIA
Osasun Sailak larunbat honetan argitara eman duen aginduak eskatu du "jarduerak aldi baterako atzeratzea edo bertan behera uztea, baldin eta udal-agintariek aurreikusten badute ezin izango dela bermatu prebentzio-neurriak betetzea"
Your browser doesn’t support HTML5 video
Larunbat honetan argitaratu da 5/2022 dekretua, covid-19aren pandemiak sortutako osasun-larrialdi egoerari amaiera ematen diona eta aro berrirako neurriak zehazten dituena. Ostegunean aurreratu zituen Urkullu lehendakariak neurriak baina dekretuak orduan aipatu ez zen ñabardura bat dakar: birusaren transmisioa altua den herrietan, udalei eskatzen zaie ekitaldi jendetsuak bertan behera uzteko edo atzeratzeko. Eskari hori indarrean egon zen udazkenean ere.
"Udalerriak 100.000 biztanleko 400 kasutik gorako intzidentzia-egoeran jarraitzen duen bitartean, jarduerak aldi baterako atzeratzea edo bertan behera uztea" eskatzen du Osasun Sailaren dekretuak "edozein dela ere jarduera horien esparrua, baldin eta udal-agintariek aurreikusten badute ezin izango dela bermatu agindu honetan jasotako prebentzio-neurriak betetzea. Oinarrizko prebentzio-neurriak betetzea –bereziki maskara erabiltzea– gehien zailtzen duten ekitaldi edo jarduerak dira jarduera horietan jan edo edan egingo dela aurreikusten denean".
Prebentzio-neurriak mantenduz antolatzen diren ekitaldietan, barruko espazioetan zein aire zabalean, "urruntze-neurriak indartzea" komeni dela gogoratzen du dekretuak, jende pilaketak sahiesteko, eta horretarako, ondorengo neurriak hartzea eskatzen du: "Jendearentzako espazioa handitzea kontzentrazioak aurreikusten diren lekuetan", "igarobide-korridoreak ezartzea, pertsonen fluxu ordenatua errazteko", "elikagaiak eta edariak saltzeko eta kontsumitzeko espazioak mugatzea" eta "ahal denean, jarduerak kanpoan antolatzea".
Osasun Sailaren web orrian udalerrien zerrenda argitaratuko da tasak zehaztuz, astean bi aldiz eta Udalek udalerriaren egoeraren berri eman beharko diete herritarrei eta, dituzten kanalen bitartez, transmisio handiko egoerak irauten duen bitartean bete beharreko prebentzio-neurriak zabaldu beharko dituzte.
Dekretuak zehazten dituen beste neurriak: distantzia, CO2 neurgailuak eta immunogutxituek maskara une oro
"Herritar guztiek beharrezko neurriak hartu beharko dituzte covid-19aren gaixotasuna hedatzeko arriskurik ez sortzeko, bai eta norberak arrisku horiekiko duen esposizioa saihesteko ere" gogorarazten du Jaurlaritzak eta toki publikoetan, "esparru itxietan" bereziki, pertsonen artean 1,5 metroko distantzia mantentzen saiatu behar dela nabarmentzen du, baita "eskuen garbiketa areagotzea ere".
Erabilera publikoko establezimenduek eta lekuek "etengabeko aireztapena bermatu beharko dute egunean zehar" dio 5/2022 dekretuak eta espazio horien aireztapen maila egokia dela bermatzeko, "CO2 neurgailuak erabiltzea gomendatzen" du Osasun Sailak lehen aldiz.
Bestalde, immunitate arazoak dituzten pertsonei "maskara etengabe" erabiltzea gomendatzen zaie, "baita kanpoko espazioetan ere".
Jarduera komertzial, sozial eta kulturalak ixteko eta irekitzeko ordutegiak ohiko erregulaziora itzuliko direla astelehenetik aurrera zehazten du aginduak. Eta "era guztietako ekitaldi sozialak, kulturalak edo kirol-arlokoak antolatzean, bai eta erabilera publikoko toki eta establezimenduetan egiten diren jarduera guztietan ere, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibideak eta gidak" errespetatu beharko direla gogorarazten du.
"Barrualdean nahitaezkoa da maskara erabiltzea, ekitaldiak egiten diren bitartean eta ostalaritzan eta jatetxe arloko edozein jardueratan, jateko edo edateko unean soilik kendu ahal izango da maskara" dio aginduak.