Itxi

KORONABIRUSA

Zubia: "Omikronek birusaren jokaera aldatu du, arinagoa da baina heriotza kopuru handiagoa eragin du"

Eider Jauregi Oiartzabal | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak azaldu duenez, "aurreko aldaerek baino 10 aldiz kutsatze gehiago eragin ditu aldaera honek. Beraz, arinagoa izan arren, kutsatze kopuru horrekin, heriotza kopuru orokorra ere altuagoa izan da".

Felix Zubia, Donostiako Ospitaleko ZIUko burua. Artxiboko argazkia: EITB Media

Seigarren olatua "amore" ematen hasia dela ematen duen honetan, ospitaleetan "arinago" daudela baieztatu du Felix Zubia Donostiako Ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak Euskadi Irratiko "Osasun Etxea" saioan. "Hiru hilabete gogor igaro ditugu, baina egoera arintzen" ari da, azaldu du, eta une honetan zer egin, "arlo guztien arteko oreka" nola lortu, Europa osoan ematen ari den eztabaida dela berretsi du, Omikronek orain arteko joko arauak aldatu baititu.

"Omikronek birusaren jokaera aldatu du. Kutsatzeak areagotu ditu baina arinagoa izan da, bera arinagoa delako eta txertaketari esker arinago pasatzea ekarri duelako, hein handi batean. Proportzioan, ospitaleetan eta ZIUetan gaixo gutxiago izan dira, baina kopuru orokorretan, hildako gehiago izan dira. 1.000tik 0,2ko hilgarritasuna du omikronek, aurrekoek baino gutxiago (1.000tik1 ) baina 10 aldiz gehiago kutsatu badu, azkenean, heriotza kopuru orokorra altuagoa da" hausnartu du medikuak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenetan agertzen denez, 574 pertsona hil dira azken hiru hilabeteetan covid-19agatik Euskal Autonomia Erkidegoan (azaroaren 8ko txostenetik otsailaren 7kora arte), azken olatuetan baino gehiago.

"Zeintzuk ari dira hiltzen? Adinekoak eta immunitate arazoak dituztenak. Beraz, non dago oain eztabaida? Osasuna, ekonomia, normaltasunez bizitzeko gogoa, eskubideak.... guztien arteko oreka lortzea ez da erraza. Noizbait arindu behar dira neurriak baina noiz, orain, berandugo? Ez da erraza erantzuten. Dakiguna da trasmisioa areagotzen bada, zaurgarrienek ordainduko dutela".

Gauzak honela, eta datorren astetik aurrera, neurri gehienak arinduko direla jakinda, mezu argia eman die Zubiak kolektibo zaurgarrienei: "Babes daitezela".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)

Audioak (1)