Itxi

KORONABIRUSA

Osasun larrialdia amaitu da Euskadin

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ostalaritzak ez du 01:00etan itxi beharko eta ez da edukiera mugarik izango, ezta ekitaldi kulturaletan eta sozialetan ere. Dena dela, Eusko Jaurlaritzak zuhurtzia eskatu du birusaren transmisioa altua den udalerrietan, seguruak ez diren ekitaldiak bertan behera uzteko eskatuz.

Hainbat pertsona Donostiako Alde Zaharrean. Argazkia: EFE

Pandemiaren kontrola aro berri batean sartu da gauerditik aurrera. 00:00etan bertan behera geratu da osasun-larrialdi egoera Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horrekin batera, desagertu egin dira murrizketa gehienak. Barrualdeetan maskara erabiltzea eta kirol ekitaldietan edukiera mugatzea bakarrik dira bete beharreko neurriak.

Hori bai, larunbat honetan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko aginduaren arabera, birusaren transmisioa altua den udalerriek —100.000 biztanleko 400 kasuko intzidentzia metatua gainditzen dutenek—  distantzia eta segurtasun neurriak zorroztu beharko dituzte ekitaldiak antolatzeko garaian, eta prebentzio neurriak ezin direla bete ikusiz gero, jarduerak bertan behera uzteko edo atzeratzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzak.

Ostalaritzak nabarituko du alderik handiena: gaurtik aurrera ez dago edukiera mugarik, barran zutik ere kontsumitu ahal da, gehienez 10 lagun elkartzeko muga desagertu da eta ez dute 01:00etarako itxi beharko.

Ekitaldi sozialak, kulturalak eta merkataritza arlokoak ere ez dira 01:00etan amaitu beharko.

Jakina denez, kalean maskara erabiltzea ez da derrigorrezkoa ostegunetik, ezta eskoletako jolastokietan ere, eta hainbat tokitara sartzeko beharrezkoa zen covid ziurtagiria ere bertan behera geratu zen otsailaren hasieran.

Nafarroak ere bide beretik joko du, eta, kasu horretan, asteartean, otsailak 15, geratuko dira bertan behera murrizketa guztiak. Hori bai, toki publikoen barrualdeetan maskara janztea derrigorrezkoa izango da Foru Erkidegoan ere, Estatu mailako neurria baita.

Iparraldeari dagokionez, hasiak dira neurriak arintzen, eta otsailaren 28tik barrualdeetan ez da beharrezkoa izango musukoa janztea bertara sartzeko txertaketa ziurtagiria eskatu bada.

Zuhurtziaz jokatzeko deia

"Osasun larrialdiaren amaierak ez du pandemiaren amaiera esan nahi", ohartarazi zuen Urkulllu lehendakariak azken agerraldian: "Pandemian jarraitzen dugu, eta gutako bakoitzak badaki zein neurri hartu behar dituen kutsatzeak saihesteko: maskara jantzi, pertsonen arteko distantzia errespetatu, toki itxiak aireztatu eta jendetzak ekidin".

Guztira, 5.671 pertsona hil dira EAEn covid-19agatik pandemia hasi zenetik, 542 urtarrilean. Pandemiako bigarren hilabeterik okerrena izan da, 2020ko apirilaren atzetik.

Testuinguru honetan, seigarren olatua beherantz doan arren, eguneroko kutsatze datuek oso altuak izaten jarraitzen dute, eta, hori kontuan izanda, Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak mezu argia eman die gaur pertsona zaurgarrienei Euskadi Irratian: "Babes daitezela".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (4)