Itxi

KORONABIRUSA

Gora egin du covid-19ak Euskadin eragindako heriotzen kopuruak: 108 hildako, aurreko astean baino 34 gehiago

Naiara Ballesteros | EITB Media

Leer en Castellano

Hala ere, koronabirusak EAEn duen eraginaren gainerako adierazleek behera egin dute. 700 kutsatze berri baino gutxiago atzeman dituzte, eta ospitaleratutakoen kopurua eta intzidentzia metatua jaitsi egin dira.

EAEko ospitale bateko Zainketa Intentsiboetako Unitatea. Artxiboko argazkia: EFE.

Euskadin covid-19ak hildako pertsonen kopuruak gora egin du otsailaren 7tik 13ra bitarteko astean, 108 pertsona hil baitira, aurreko astean baino 34 gehiago eta 2020ko uztailetik hildakoak asteka zenbatzen direnetik altuena. Hala ere, koronabirusak Euskal Autonomia Erkidegoan duen eraginaren gainerako adierazleek behera egin dute.

Joan den astean, 20 eta 40 urte bitarteko 5 pertsona hil dira, txertaketa-mailarik baxuena duen tartean (pediatrikoa izan ezik), Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan emandako datuen arabera.

688 positibo berri erregistratu dituzte igande honetan, eta, beraz, 1.000 positibotik jaitsi da azaroaren 28tik lehen aldiz. Hala ere, 3.747 proba diagnostiko egin dituzte, eta positibotasun-tasa % 18,4koa da. Asteko kutsatzeak ere erdira jaitsi dira aurreko asteko datuekin alderatuta, zazpi egun horietan 10.421 detektatu baitituzte.

100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia metatua ia mila puntu baino gehiago jaitsi da astebetean, 2.470etik 1.393,32ra. Hilabete honen hasieran, adierazle hori 3.000 kasu ingurukoa zen.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaiak du adierazle onena (1.298,9 kasu), eta Araba (1.362,7) eta Gipuzkoa (1.515) daude ondoren.

Euskadin dauden 251 udalerrietatik 22 bakarrik daude orain 400 kasutik behera, eta herri txikiak dira guztiak: 7 Araban, 9 Bizkaian eta 6 Gipuzkoan.

7 eguneko tasak, epe laburragora covid-19aren bilakaera adierazten duenak, nabarmen jaisten jarraitzen du, eta dagoeneko 473,7 kasukoa da 100.000 biztanleko.

Era berean, gela arruntetan ospitaleratutako pertsonen kopurua txikiagoa da, 488tik 374ra igaro baita, eta atzo duela astebete baino 15 pertsona gutxiago zeuden zainketa intentsiboetako unitateetan, 76 guztira.

Gainera, R0 indizeak beheranzko joerarekin jarraitzen du, eta 0,69an dago jada, aurreko astean 0,91an egon ostean. R0 txikiagoa da Gipuzkoan (0,64) Bizkaian (0,69) eta Araban (0,78) baino.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak astelehen honetan Euskadi Irratian egindako elkarrizketan adierazi duenez, pandemiaren egungo egoera laburbiltzen duten hitzak "itxaropena eta susperraldia" dira, baina "zuhurtzia" ez galtzeko eskatu du, "pandemiak bere horretan jarraitzen duelako".

Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoak fase berri bati ekin dio, pandemiaren seigarren olatuak behera egin baitu, baina covid-19a ez da oraindik desagertu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)