Koronabirusa
Euskal pediatra talde batek ikastetxeetan planteatzen duen deseskalatzea
EiTB Media
16 pediatrak musukoaren erabilera etetea, burbuilak atzean uztea, kontaktuen test masibo eta berrogeialdirik ez egitea eta eskolaz kanpoko eta kirol jarduera guztiei berriro ekitea eskatu dute idatzi batean.
Pediatra talde batek pixkanaka-pixkanaka ikastetxeetan neurriak arintzea eskatu du:
- Maskararen erabilera etetea, bai barrualdean, bai kanpoaldean.
- Sozializazio normala, talde isolatuak edo burbuila sortu gabe.
- Kontaktuen test masibo eta berrogeialdirik ez egitea.
- Eskolaz kanpoko eta kirol jarduera guztiei berriro ekitea, mugarik gabe.
Azken finean, koronabirusak eragindako infekzioa "haurtzaroko gainerako infekzio biralak bezala" kudeatzearen alde agertu dira 16 euskal pediatra. Hau da, eskoletara sintomekin ez joatea eta behin desagertuta itzultzea.
Hori guztia zaintza epidemiologiko eta kasuen notifikazio zereginak alde batera utzi gabe, beste arnas infekzio batzuekin egiten den bezala, hala nola gripea edo arnas birus sinzitiala.
"Normaltasunera itzultzeko" prozesuan haurrak lehenak izan beharko liratekeela uste dute.
Katalunian, Societat Catalana de Pediatria (SCP) elkarteak pandemia kontrolatzeko oraindik ere ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du duela gutxi, neurri horiek haurrengan dituzten "ondorio negatiboak" direla eta. Ekimen horrekin bat egin dute Euskal Herriko 16 pediatrek.
Gogorarazi dutenez, covid-19 gaixotasunaren konplikazioek adineko pertsonei edo gaixotasun kroniko larri batzuk dituztenei eragiten diete, batez ere. Haurtzaroan gehienetan oharkabean pasatzen da edo sintoma arinak eragiten ditu.
Azken bi urte hauetan, pandemia kontrolatzeko hainbat neurri ezarri izan dira: "sei astez kalera irteten utzi gabe beren etxeetan konfinamendu zorrotza izatea, gainkutsatzaileak izatea leporatzea, hezkuntza arautu presentziala eta eskola-kirola denbora luzez etetea, etab. Horiek askotan ondorio larriak eragin dituzte haurren bizitzetan", ohartarazi dute.
Pediatren hitzetan, "Gaur egun ere, eskoletan maskara erabili behar dute, burbuila taldeetan bereizita daude, konfinamenduak egiten zaizkie infekzioa duen jendearekin kontaktuan egon eta gero, gela osoak konfinatzen dira eta sarritan hainbat isolamendu kateatu izan dituzte jarraian". "Ez genuke ahaztu behar neurri horietako asko orokorrean helduekin baino zorrotzagoak izan direla" erantsi dutenez.
"Horrek guztiak ondorioak dakartza", ohartarazi dute. Garapen emozionalean, hezkuntzan, soziabilizazioan eta osasun mentalean ondorio negatiboak uste dute.
Gontzal Martinez de la Hidalga Ortiz de Zarate, Isabel Canales Arrasate, Jesus Sanchez Etxaniz, Teresa Calleja Villar, Mariaje Sarrionandia Uribelarrea, Izaskun Quilez Herrer, Garazi Ormazabal Gaztañaga, Maite Maruri Elizalde, Naroa Peris Serrano, Itziar Fernandez Respaldiza, Soiartze Ortuzar Yandiola, Amaia Arbeloa Miranda, Estibaliz Calvo Moreira, Maider Leunda Iruretagoyena, Garazi Garcia Ulazia eta Isabel Suinaga Erraztik sinatu dute agiria.