Deustuko Erribera
Uda ostean hasiko dira Zorrotzaurren uholdeei aurre egiteko jarriko dituzten bi ekaitz tangak eraikitzen
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Larrialdi sistema bat dute deposituek. Horri esker, euri asko egiten duenean, baina marea oraindik jaitsi ez denean, tangak bete egiten dira.
Bilboko Udala uda ostean hasiko da Zorrotzaurren uholdeei aurre egiteko jarriko dituzten bi ekaitz tangak eraikitzen. 8.275.509 aurrekontua dute horretarako, eta, aurreikusitakoaren arabera, behin lanak esleituta, 20 hilabete inguru emango dituzte deposituak eraikitzen.
Asier Abaunza Bilboko Udaleko Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotzi ordezkariak eta Iosu Madariaga zuzendariak aurkeztu dute proiektua asteazken honetan.
Abaunzak aurreratu du gaur bertan ireki dutela esleipen epea, Udalean onartu ostean. Halaber, esan du kontratazio epea sei hilabete inguru luzatu ohi dela; enpresa bati lanak esleitu arteko epea, hain zuzen ere. Horregatik, "uda osterako" iragarri du ekaitz andel bien eraikuntza.
Argi utzi du, baita, posible dela tanga horien eraikuntza hastea bidea prest egon ez arren, "nahiz eta hobeto den bukatuta egotea".
Bukatzeko, Abaunzak adierazi du gaur aurkeztutako proiektua ongi ezagutzen dutela herritarrek, eta "aspaldi esperotako zerbait" dela. Ildo horretan, azpimarratu du ekaitz tanga horiek "azpiegitura garrantzitsua" direla Zorrotzaurreko proiektuaren baitan.
Gainera, larrialdi sistema bat dute deposituek. Horri esker, euri asko egiten duenean, baina marea oraindik jaitsi ez denean, tangak bete egiten dira. Hortaz, "edozein egoeratan", Deustuko Erriberako etxebizitza guztiak "babestuta egongo dira".