COVID-19
Miren Basaras: "Ez gaude normaltasun egoera batean"
EITB MEDIA
EHUko Mikrobiologia irakaslearen hitzetan, neurri murriztaileak bertan behera uzteak, baliteke, herritarren buru-osasunari mesede egitea, baina, aldi berean, "covid kasuek berriro gora egiteko arriskua handia dela ezin dugu ahaztu". "Birusa gure artean dago", esan du.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketan, Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakasleak argi eta garbi esan du Euskadi, oraindik, ez dagoela normaltasun egoera batean. Covid-19ari aurre egiteko neurri murriztaileak leuntzearen alde agertu den arren, besteak beste, erietxeak arintzen ari direlako, birusa gure artean dagoela azpimarratu du. Hori dela eta, ez du baztertzen datorren asteotan datuen gorakada bat izatea. "Neurriak leundu diren beste herrialde batzuetan, Danimarkan, adibidez, hala gertatu da: positiboen eta ospitaleratzeen kopuruak gora egin du", gehitu du.
Mikrobiologoaren iritzian, birusaren zabalkundea eteteko irizpide zientifikoak bakarrik hartuko balira kontuan, neurri murriztaile zorrotzagoak leudeke oraindik indarrean, harik eta "erabateko normaltasuna" lortu arte. Halere, aitortu du beste irizpide batzuk kontuan hartzea ere beharrezkoa dela, gizarte osoari erreparatuta. Neurriak pixkanaka leuntzearen alde agertu da, bere hitzetan, modu horretan "gizartea modu egokiagoan erlaxatuko" delako. Hala, toki itxietan maskarak erabiltzearen alde agertu du.
Bestalde, Osakidetzak kasu positibo guztiak zenbatzeari utzi zionetik, intzidentzia metatua ez dela erreala esan du eta, beraz, begirada beste adierazle batzuetan jarri behar dela orain; erietxeetan, adibidez.