Itxi

KORONABIRUSA

Nabarmen egin dute behera covid kasuek Nafarroan, murrizketarik gabeko lehen asteburuan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

161 positibo atzeman zituzten larunbatean, hiru hilabetean egun bakarrean zenbatu duten kasu kopururik txikiena. Dena dela, 2021eko egun berean, duela urtebete, 58 izan ziren. Gainera, pertsona bat hil eta 3 ospitaleratu zituzten covid-19agatik.

Iruñeko Alde Zaharra, asteburuan. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

Covid-19 kasu berriek beherakada handia izan dute larunbat honetan Nafarroan. 161 positibo atzeman dira ostalaritzan ia murrizketarik izan ez den lehen asteburuan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.

Ez da horrelako daturik izan azaroaren 13tik (159 kasu), duela hiru hilabetetik, alegia, baina asteburuetan detekzio proba gutxiago egiten dituztenez, astearteko datuek erakutsiko dute benetako argazkia. Larunbatean, 678 proba diagnostiko egin zituzten eta % 23,7k eman zuten positibo.

Kasu gehien eremu hauetan atzeman zituzten: Txantrea (14), Donibane (9), Sarriguren (8), Bigarren Zabalgunea eta Mendillorri (6na). 

Duela urtebete, 2021eko otsailaren 19an, 58 positibo erregistratu zituzten; beraz, seigarren olatuak behera egin badu ere, kopuru handia da oraindik.

Gainera, pertsona bat hil zen atzo covid-19agatik. Ospitaleetako egoerari dagokionez, presioa jaisten ari da. Ostiralean 128 gaixo zeuden ospitaleratuta covid-19agatik (bezperan baino bi gehiago), 15 zainketa intentsiboetako unitatean (bezperan baino bat gutxiago).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)