Deklarazioa
Alaba Sor Mariak eman ziola aitortu du aitaorde batek
Erredakzioa
Pilar Alcalde ustezko ume lapurtearen aitaordeak adierazi du ez zuela ordaindu alabaren truke.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Alejandro Alcaldek, Pilar Alcalde ustezko ume lapurtuaren aitaordeak, aitortu du Sor Maria mojak eman ziola alaba 1982 urtean, ama biologikoak adopzioan eman nahi zuela argudiatuta. Dena dela, ukatu egin du horren truke ordaindu izana.
Alcaldek kazetarien aurrean egin ditu adierazpenak, Madrilgo Instrukzioko 47. epaitegian deklaratu baino lehen.
Hain zuzen ere, lekuko gisa deklaratuko du, ume lapurtuen eskandaluaren harira Maria Gomez Valbuena mojaren aurka abiatutako auziaren baitan. Legez kanpoko atxiloketak egitea eta txosten publikoak faltsutzea egotzita auzipetu dute.
Gizonezkoaren esanetan, alabaren ama biologikoak Madrilgo Santa Cristina klinikan utzitako fakturak baino ez zituen ordaindu.
Sor Maria epailearen aurrean izan zen atzo, baina uko egin zion deklaratzeari. Arratsaldean, baina, gutun bat igorri zion EFE agentziari. Horretan, ukatu egin zuen egotzitakoa, eta umeen lapurretak "nazkagarriak" iruditzen zaizkiola adierazi zuen.
Alejandro Alcalderen ustez, oso edadetua delako errefusatu zuen mojak deklarartzea (87 urte ditu).