Itxi

Sanferminak 2022

Juan Carlos Unzue futbolari ohiak botako du Sanferminetako txupinazoa

Agentziak| EITB Media

Leer en Castellano

Enrique Maya Iruñeko alkateak hartu du erabakia. Entrenatzaile izandakoak ELA gaitza du, eta Mayaren hitzetan, gaixotasun hori "ikusarazteko erreferente" bilakatu da.

Unzue, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE

Juan Carlos Unzue futbolari eta entrenatzaile ohiak botako du aurtengo Sanferminetako txupinazoa, uztailaren 6an, Enrique Maya Iruñeko alkateak hala erabakita.

Iruñeko Udaleko Bozeramaileen Batzordean jakinarazi du aldebakarreko erabakia Mayak, eta atzean utzi du herri bozketaren sistema, hots, oposizioak babesten duena. Navarra Sumako alkateak esana zuen ez zitzaiola bozketarena ondo iruditzen, eta aldatu beharra zegoela. EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik nabarmendu dutenez, egokia iruditzen zaie Unzuek txupinazoa botatzea, baina iragarpena aurrez adostu gabe egin du alkateak.

Iruñeko Udalak ohar batean azaldu du Unzuek ELA gaitza duela 2020tik, eta ordutik, "gaixotasun horren kontrako borrokaren eta ikusgaitasunaren erreferente" bilakatu dela. Unzuek hainbat kanpaina eta hitzaldi egin ditu, eta liburu batean ere jaso ditu bere bizipenak.

"Izendapen honekin, Iruñeak bat egiten du gaixotasun horren ikusgaitasunean, eriei eta euren senitartekoei babesa agertuz. Baita Juan Carlos Unzuek ELA gaitzari aurre egiteko erakutsitako moduari ere. Halaber, Nafarroako futbol atezain onenetariko baten ibilbide profesionala ere goraipatzen da", azpimarratu dute idatzian. 

San Fermin jaiak ospatzeaz, Iruñeko Udalak dio "lanean" jarraitzen duela horiek prestatzeko, "osasun egoeraren bilakaera ikusita posible izango delakoan".

Atezaina eta entrenatzailea

Juan Carlos Unzuek (Orkoien, 1967) 300 partida baino gehiago jokatu zituen gizonezkoen futboleko Lehen Mailan. 1986-1987 denboraldian egin zuen debuta, Osasunan. Gerora, Bartzelona, Sevilla, Tenerife eta Real Oviedo taldeetan aritu zen.

Futbolari gisa, Europako Errekopa eta Espainiako Errege Kopa ditu irabazita (Bartzelonarekin jokatzen zuenekoan, 1989-1990).

Entrenatzaile gisa, Numantzia eta Santanderko Racing taldeak zuzendu zituen. 2013-2017 urteetan Celtaren eta Bartzelonaren bigarren entrenatzaile izan zen Luis Enriquerekin. Blaugranek Txapeldunen Liga bat, bi Liga, hiru Errege Kopa, Munduko Kluben Txapelketa bat eta Europako Superkopa bat irabazi zituzten garai hartan. 

Ondotik, Celta eta Girona taldeen lehen entrenatzaile izan zen.

Albisteak (3)