GERRA UKRAINAN
Nafarroako familiek harreran hartu izan dituzten haur ukraniarrak ekartzeko eskatu du Chivitek
EITB MEDIA
Atzerri Ministerioari helarazi diote jada azken urteetan Txernobildik etorri diren umeen zerrenda. Gainera, 20 ohe eskaini dituzte ospitaleetan, zaurituriko pertsonak ekarri beharko balira ere.
Maria Chivite Nafarroako presidenteak Pedro Sanchez Espainiako presidenteari gutuna idatzi dio Foru Erkidegoa prest dagoela "Ukrainako gatazkaren ondorio humanitarioak arintzen laguntzeko" adieraziz. Elkartasuna ere adierazi die Ukrainako herritarrei.
Ildo berean, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak Jose Manuel Albares Espainiako Kanpo Arazoetako ministroari eskatu dio har ditzala beharrezkoak diren neurriak uda Nafarroako familiekin igarotzen duten ukrainar adingabeen itzulera ahalbidetzeko.
Ohar batean, Ollo kontseilariak "kezka berezia" agertu du Txernobil inguruko adingabe ukrainarrak bizitzen ari diren egoeragatik. Azken urteotan hainbat familia nafarrek harreran hartu izan dituzte haurrak hainbat elkartek bultzatutako programa baten baitan. Elkarte horiekin harremanetan egon ondoren, haur horien zerrenda helarazi dio Ollok Ministerioari eta Europar Batasuneko gainerako herrialdeekin lan egin dezala eskatu dio Nafarroarekin "lotura eta sustraitzea" duten pertsona horiek beren harrera-familiekin biltzeko bidaia erraztu dezaten.
Nafarroako Gobernua prest agertu da, halaber, Ukraniatik datozen errefuxiatuak hartzeko, eta Carolina Darias Osasun ministroak autonomia-erkidegoetako osasun-kontseilariei egindako eskaerari erantzunez, 20 ospitale-ohe eskaini ditu, Ukrainatik datozen gaixoak artatu behar izanez gero.
Urkulluk elkartasuna adierazi du
Iñigo Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak ere elkartasuna adierazi die ukrainarrei, bai eta bertako ordezkari politikoei ere.
Gerra eteteko, Nazio Batuen eta Europar Batasunaren arteko elkarlana beharrezkoa dela azpimarratu du eta gaineratu du Eusko Jaurlaritza errefuxiatuak hartzeko lanean ari dela.
Ez du xehetasun gehiago eskaini.