Prentsa-askatasuna
Pablo Gonzalez kazetaria atxilotu dute Polonian
Mikel Dominguez | EITB Media
Bere abokatuak esan duenez, bere lana egiten ari zenean atxilotu du Poloniako Poliziak. Gonzalez Ukrainako gerraren inguruan informatzen ari zen.
Pablo Gonzalez euskal kazetaria atxilotu dute Polonian, Ukrainako mugatik gertu, gerraren eta horren ondorioen inguruan informatzen ari zenean.
Bere abokatu Gonzalo Boyek esan duenez, bere lana egiteagatik atxilotu dute kazetaria. Era berean, minik ez egitea eta berehala askatzea eskatu du Boyek, eta honakoa erantsi du: "Prentsa-askatasunik gabe ez dago demokraziarik".
Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak ere atxiloketa salatu du sare sozialetan. "Prentsa-askatasunaren kontrako eraso bat, oso lan garrantzitsua eta aipagarria egiten ari den kazetari baten kontrakoa", esan du.
Bestalde, Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak adierazpen bat publikatu dute, Pablo Gonzalez aska dezatela eskatuz eta haren senideei babesa eta elkartasuna adieraziz.
"Gure lankidea Ukrainako gerraren jarraipena egiten ari zen bitartean atxilotu dute. Demokraziari irain egiten ari zaie eta gure lanbidearen kontrako eraso zuzena da. Prentsa askatasuna eta informaziorako eskubidea urratzen ari dira", adierazi dute ohar bateratu batean.
Halaber, beste behin kazetarien lana oztopatzen ari direla salatu dute. "Kazetarion lana eta profesionaltasuna ezinbestekoak dira poliedrikoa den errealitatea Iritzi Publikoari helarazteko", erantsi dute.
Gauzak horrela, ohartarazi dute kazetariak atxilotzen eta hiltzen dituztenek "isiltasuna eta iluntasuna" ezarri nahi dutela. "Kazetaritza ona beharrezkoa da eta kazetariak ezinbestekoak dira", azpimarratu dute.