Prentsa askatasuna
Pablo Gonzalez kazetariak Polonian atxilotuta jarraitzen du, bere abokatuak salatu duenez
Mikel Dominguez | EITB Media
Mugarik Gabeko Kazetariak elkarteak askatzeko eskatu du, "informatzeko eskubidearen urraketa honen" aurrean. Eusko Jaurlaritzak "kezka" adierazi du, eta EH Bilduk arazoa konpontzeko Espainiako Gobernuaren "inplikazio falta" salatu du.
Polonia eta Ukrainaren arteko mugako egoeraz informatzen ari zen Pablo Gonzalez euskal kazetariak 24 ordu baino gehiago eman ditu atxilotuta, Polonian, bere abokatu Gonzalo Boyek salatu duenez.
Euskal kazetariaren abokatuak berriro gogorarazi duenez, Gonzalez bere lana egiteagatik atxilotu dute, eta informazio eskubidea errespetatzea aldarrikatu du. "Bidegabekeria mota hauen aurrean, askoren isiltasunak konplize izaten amaitzen du", adierazi du sare sozialetan.
Publico egunkariak jakitera eman duenez, Boyek salatu du Poloniak atxiloketa justifikatu duela, "Poloniako Estatuaren aurkako ekintzak egin dituelako".
Bestalde, Mugarik Gabeko Kazetariek berehala askatzeko eskatu dute, eta Poloniako agintariei azalpenak eskatu dizkiete, "Pablo Gonzalezen informatzeko eskubidea urratu dutelako".
Era berean, Eusko Jaurlaritza Elantxoben (Bizkaia) bizi den kazetari eta ikertzailearen egoerarekin kezkaturik agertu da, Bingen Zupiria EAEko Exekutiboaren bozeramaileak adierazi duenez. Espainiako Atzerri Ministerioaren bidez informazioa biltzeko saiakeran ari direla erantsi du Zupiriak.
Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak egoera salatu du, baita Espainiako Gobernuko Atzerri Ministerioaren "inplikazio eta gardentasun falta" ere.
CNIren bisitak senitartekoei
Publico egunkariak azaldu duenez, otsailaren 6an Ukrainako agintariek Gonzalez, beste lankide batzuekin batera, deitu zuten Donbass eskualdean kazetari gisa lanean ari zenean. Kievera itzultzeko eskatu zioten, eta ondoren zenbait orduz atxiloturik izan zuten Ukrainako hiriburuan.
Egunkariak gaineratu duenez, "Errusiaren aldekoa" izatea egotzi zioten Ukrainako agintariek, Gara egunkariarentzat lan egitea aurpegiratu, Laboral Kutxako kreditu txartela izatearren susmagarritzat jo eta Ukrainatik alde egiteko "gonbita" egin zioten, baina ez zuen kanporatze agindu ofizialik jaso. Ondoren Gonzalezek gertatutakoa Espainiaren Enbaxadan azaldu zuen, Kieven.
Publico-k salatu duenez, CNIko agenteak Euskal Herriko senideengana eta lagunengana joan dira, Gonzalezen inguruko informazio bila, egoera "surrealista" batean. Gonzalezi Gara-n, "Errusiak diruz lagundutako ETAren aldeko komunikabidean", idaztea eta "Errusiari informazioa pasatzea" leporatu diotela ohartarazi zieten CNIko agenteek senideei.
Astelehenean atxilotu zuten Rzeszowko (Polonia) hotelean, eta orduz geroztik behin bakarrik izan da bere abokatuarekin harremanetan.